Potentzial eolikoaren azterketa Aezkoa Bailaran
Laburpena
Proiektu honen helburu nagusia Aezkoa bailarako (Nafarroa) ahalmen eolikoa aztertzea da, eremu horretan potentzia handiko parke eolikoak instalatzeko.WRF-aren simulazioetatik, ERA5-aren datuen birazterketatik eta IRENA-ren Global Atlas-en lortutako datuetatik abiatuta, azterketa hori egin da leku bakoitzean nagusi diren haizeen abiadura eta norabidea eta baita baliabide eolikoarekin zerikusia duten beste irizpide eta faktore asko ere kontuan hartuta.Azterketa NREL-en 5 MW -ko hiru palako aerosorgailuekin egin da. Turbina erreferentzialak dira, oso ondo aztertuak eta teknologikoki garatuak, eta oso baliagarriak dira proiektu honetan aplikatu eta erabili nahi diren kasuetarako. Hala ere, beharrezkoa da beste turbina eta instalazioak modelo batzuk kontuan izatea, leku bakoitzaren ezaugarrien arabera, Aezkoako bailarari zein bertako beste helburu batzuei hobeto datozkienak. Emaitzen arabera, potentzial eolikoari dagokionez, eremu horretan zenbait mendilerro interesgarri daude, orokorrean denak 6 m/s-tik gorako batez besteko abiadurekin eta proposatu direnen artean denek dute %24-tik gorako ahalmen-faktorea. Egindako kalkuluen arabera, Aezkoako komunitatearen elektrizitate-eskaera inguruko parke eolikoek sortutako energiarekin soberan hornitu daiteke.