Dialektoak eta fonetika adierazpide moduan: Itoizen kantagintza
View/ Open
Date
2020-11-18Author
Aranburu Cortés, Aitor
Metadata
Show full item recordAbstract
“Dialektoak eta fonetika adierazpide moduan: Itoizen kantagintza” izena duen Gradu Amaierako Lan (GRAL) honek 70. hamarkada amaieran sorturiko Itoiz euskal musika taldearen kantaerako bi fenomeno aztertzea du helburu: bata, taldekideen dialektoko ezaugarri fonetikoek abestietan duten presentzia maila aztertzea; eta bestea, Itoizen kantaeran fonetika adierazpide moduan erabiltzen den ala ez aztertzea.
Lanarekin hasteko Itoizen diskografia osotik bi album hautatu dira: Musikaz Blai (1983) eta Espaloian (1985). Halaber, hautaturiko bi albumotatik hamaika abesti hautatu dira azterketa objektu moduan; beraz, lan honetako analisia egiteko aztergaia Itoizen hamaika abesti izan dira. Hautaturiko abestiak entzun ondoren, haien transkripzio fonetikoa egin da, eta transkripzio fonetikoak erabili dira aztergai modura.
Lanaren egiturari dagokionez, bi zati nagusitan dago egituratuta. Lehenengo zati nagusia marko teorikoa da. Atal honetan, lanak aztertzea helburu dituen bi fenomenoak ulertzeko oinarriak aurkeztu dira: batetik Itoizeko taldekideen euskalkien ezaugarriak ekarri dira; hala, abeslaria mutrikuarra izanik, Deba ibarreko eta Debabarrena eskualdeko hizkuntz ezaugarriak hartu dira kontuan, eta bestetik, aldaera estilistikoak eta adierazkortasun fonetikoak kantagintzan duen presentzia ekarri nahi izan da. Lanaren bigarren zati nagusia analisiaren atalari dagokio. Atal honetan hiru fenomeno aztertu dira. Lehenik, Deba ibarreko euskalkiko hautaturiko zazpi ezaugarrik aztertutako abestietan duten presentzia maila aztertu da, ezaugarrion agerpen kopurua xeheki ekarriz. Bigarrenik, Itoizen kantagintzan diptongoak sortzeko moduak izan dira hizpide; izan ere, euskaraz ohikotasunean entzutera ohituta gauden diptongoez gain, beste diptongo mota batzuk ere aurkitu dira. Gauzak horrela, aurkitu diren diptongoen sailkapen bat proposatu da, proposamen horretarako literatura baliabideak erabili direlarik. Hirugarrenik, [b, d, g] herskarien eta [β, ð, ɣ] hurbilkarien azterketa bat egin da; izan ere, hotsok egotea espero ez zen testuinguruetan egotea suertatu da abestietan zehar. Hori horrela, hots horien agerpen maila xeheki zehaztu eta sailkapen bat egin da.
Lanarekin amaieran ondorioak eta erabilitako erreferentzia bibliografikoak daude jasota. Halaber, bukatzeko eranskin moduan lana egin ahal izateko erabili eta sortu diren euskarriak erantsi dira.