Emakume dadaistak eta gizartearen normatibitatearekin apurtzea: Emmy Hennings, Dada Baronesa eta Hannah Höchen produkzioa
View/ Open
Date
2020-11-18Author
Biain Matxiñena, Oihane
Metadata
Show full item recordAbstract
XIX. mendeko azken urteetan eta XX. mendearen lehen erdialdean eman ziren gertaera desberdinek (gerra garaiak besteak beste), eta artearen inguruan sistematikoki ezarrita zeuden arauekiko desadostasunak abangoardia historikoen sorrera ahalbidetu zuten. Abangoardia hauen baitan jaio zen dadaismoaren mugimendua, “anti-arte”, eta orokorrean araututako guztiaren kontrako jarrera izango zuten balio iraultzaileak aldarrikatuko zituelarik, bai artisten bizitza pertsonaletan bai korronteak jorratu zituen disziplina ugarietan (musika, poesia, pintura…). Dadaismoak zoria eta absurdoa bezalako kontzeptuak zituen oinarri, indibidualtasuna eta harrokeria goraipatzen zituen, eta umeen ikuspuntutik landutako errealitate bat aldarrikatzen zuen, berekoikeriari ere garrantzia emanez.
Balio hain iraultzaileak aldarrikatzen zituen mugimendu honen barruko emakumeak ere historiografiak baztertuak izan ziren, gizonezkoen maitale edo laguntzaile paperetan ipini zituztelarik. Dena den, azken hamarkadetan generoaren ikuspegitik egindako ikerketek, artearen historiaren hutsuneak betetzeko asmoarekin, emakume dadaisten testigantzak eta garrantzia mahaigaineratu dituzte; Emmy Hennings, Dada Baronesa, eta Hannah Höchen bizipen eta arte produzkioa besteak beste. Hiru emakume hauetako bakoitzak disziplina artistiko bat landu zuen gizartean ohikoak ziren jarrera edo ideiak kritikatzeko, betiere emakume dadaista bat izatea suposatzen zuen ikuspuntutik.
Emmy Hennings dadaismoaren sorreran parte hartu zuen artistetako bat izan zen, Kabaret Voltaireko izarra izatera iritsiz. Bere ibilbide artistikoan zehar hainbat disziplina desberdin jorratu zituen arren panpinen produkzioan eta literaturan gailendu zen; azken honetan, bere bizipen oinarritutako liburu bat idatzi zuelarik. Liburu horretan Alemaniako gizartea eta bizitzaren alde ilunaz mintzatu zen, bere bizitza ia osoa pobrezian eta bizileku finkorik gabe pasatu ostean. Bestalde, Dada Baronesak bere buruarengan zentratu zuen bere praktika artistikoa, bere identitatea dandysmoan landuz; horrela, generoaren inguruan aurre-ezarritako arauak apurtu nahi izan zituen, kontragenero bat aldarrikatuz. Ideia hauek performance eta jarrera iskanbilatsuen bitartez helarazi nahi izan zituen, eta ondorioz, adibide asko bertako ikusleen testigantzak dira, baina beste asko, ordea, performancen bat-batekotasunagatik galdu dira. Azkenik, Hannah Höchek dadaismoak (berak barne) birsortutako argazki muntaketaren teknika landu zuen Museo Etnografiko bateko seriea osatzeko, non komunikabideetan legitimatzen zen emakume modernoaren ideia eta primitibismoaren kontzeptua kritikatu zituen; hau da, gizartean errotutako emakume eta kolonizatutako gizarteen gaineko estereotipoen kontrako ideiak zabaldu nahi izan zituen.