Faltsifikazioak euskal testuetan: hizkuntzaren historiaren azterketan urrats berriak
Laburpena
Ezagun denez (cf. Mounole & Lakarra 2018) euskararen corpusak arazo larriak ditu haren laburtasun eta urritasunaz gainera. Testuen ezagutza ere ez da garatu tradizio aurreratuago batzuetan bezala eta are lekukotasun paregabe zenbait (adib. Landuchioren hiztegia, cf. Mitxelena 1958) denbora luzez aztertzeke izan da garrantzirik gabekoak balitz bezala.
Jakinik (cf. Mitxelena 1963) gure arbasoek faltsifikatzeko orduan ez hizkuntza bitartezko iruzurrak baizik bestelakoak egin ohi zituztela, funtsean, ondoriozta liteke faltsifikazioek ere badutela hizkuntz lekukotasun gisa baliorik garai bereko gainerakoek legez; aurrekoak garrantzi apartekoa izan lezake gurea bezalako corpuseko hizkuntzetan eta, ondorioz, haren historiaren eta filologiaren ikerketan.
Lan honetan lau euskal testuren1 (Kantabriarren Kantua, Andramendiko Idazkiak, Bretainiako kantua, Annibalen kantua) faltsifikazioen analisi historiko eta linguistikoa burutzen da, aipatutako corpusaren arazoetariko batzuk askatzeko edo arintzeko asmoz. Lana hurrengo ataletan banatuko da, hasteko sarrera bat, metodologiari buruzko azalpen bat, azterketen atala, non azterketa historiko nahiz linguistikoa burutuko den eta azkenik lanaren ondorioak azalduko dira, lanari bukaera emateko erabilitako bibliografia probestuko da eta aztertu testuak eranskin moduan emango dira. Saio honek, halere, ez du aztertutako testu guztien arazoak konpontzeko asmorik ez modurik baina bai euskalaritzan gutxiegi landutako faltsifikazioen gaia eta corpusaren arazoak berrikusten hasteko urratsak emateko gogoa.
Horrenbestez, aztertutako testuen faltsifikazioaren arrazoi eta bideak zehaztu ditugu Caro Barojak (cf. 1985, 1992), Gorrochateguik (cf. 2008, 2011) eta bestek faltsifikazioak ezagutzeko irizpideez, hauetan erabilitako teknikez egindako azterketek guretzat duten interesa eta lekarketen laguntza agertu ditugu. Aurrekoaren osagarri metodologiko interesgarria iruditu zaigu faltsifikaziook tipologikoki sailkatzeko egin dugun lehen saiakera, Ciden (1994) balada-faltsifikazioak sailkatu eta ikertzeko proposamena gure aztergaira egokituaz.
Azkenik, testuen faltsifikazio izaera ziurtatzen duten ezaugarriez gain haien hainbat bereizgarri linguistiko ere analizatu dira, lekukotasunoi buruz dakiguna sendotzea helburu. Aurreko guztiak testuen finkapenarekin lotura estua du, eta ahal izan dugun neurrian alderdi hau ere ukitu dugu aitzindarien zenbait irakurketa eta azalpen zehazten eta zuzentzen saiatuaz eta berriak proposatuaz.