Ingelesetik euskararako ikus-entzunezko itzulpena: "The Good Place" telesailaren lehenengo kapituluaren itzulpena eta itzulpenaren analisia
Laburpena
Ikus-entzunezko itzulpenak garrantzi handia dauka gaur egun; izan ere, ikus-entzunezko produktuak askotan itzuliak kontsumitzen dira, bikoizketa zein azpidatzien bitartez izan. Bikoizketa hizkuntza baten normalizaziorako eta zabalkunderako primerako tresna da, baita hizkuntza horren ahozkotasuna eta naturaltasuna lantzeko ere. Horregatik, lan honetan ikus-entzunezko itzulpena landu dut. Horretarako, jarduera-praktiko bat hartu dut oinarri gisa: The Good Place telesailaren lehenengo kapituluaren pasarte baten ingelesetik euskararako itzulpen-egokitzapena egin dut, ondoren, horren analisia egiteko. Itzultzerako orduan hizkuntza konbinaketaren berezko zailtasunak aurkeztuko zaizkigu, eta horrekin batera, ahozkotasuna. Gainera, umorezko telesail bat landu dut, eta umorea itzultzeak berezko ezaugarri batzuk ditu, hala nola, testu honetan presentzia handia duten hitz jokoak.
Ikus-entzunezko itzulpena garrantzitsua den arren, gurean, bikoizketa desagertzeko zorian dago, beherakada handia izan duelako azken urteetan. Gaur egun, ez dago eduki erakargarririk, eta horrek euskarari kalte handia egiten dio. Esan beharra dago euskararako bikoizketa EITBrekin estu lotuta egon dela eta dagoela. Izan ere, EITB egitasmoa sortzearekin garatu zen euskarazko ikus-entzunezkoen itzulpena, eta bikoizketa egoera onean egon denean, Euskal Telebistak kanpo-produkzioa euskaratzearen beharra izan duenean izan da. Orain, berriz, programazioan ez dutenez euskaratutako telesail eta filmentzat tokirik uzten sektorea gainbeheran dago.
Bestetik, bikoizketarako egokitzapena egiteko orduan gako nagusi batzuk hartu behar dira kontuan; adibidez, itzulpen-egokitzapena egiten dugunean garrantzitsua da gogoan izatea testua ez dela independentea, irudiaren menpe dagoela, beraz, sinkronia mantentzen saiatu beharko gara.
Gradu amaierako lan honek jarduera praktiko bat du oinarritzat, baina sarrera gisa alderdi teorikoa landu dut. Beraz, bi atal nagusi izango ditu: alde batetik, alderdi teorikoa, eta bestetik praktikoa. Atal bakoitzaren barnean hainbat puntu aztertuko dira. Alderdi teorikoarekin hasteko, euskal bikoizketaren historia apur bat eta gaur egungo egoera ikusiko ditugu, lanerako egindako itzulpenak merkatuan izango duen tokia ikusteko. Teoriarekin jarraitzeko, lehen aipatutako bikoizketaren gako nagusiak azalduko dira, eta umorearen itzulpenaren berezitasunak aipatuko ditut bukatzeko. Ondoren, alderdi praktikoari ekingo diot eta lehendabizi itzulgaiaren ezaugarriak ikusiko ditugu eta ahozkotasuna eta hitz jokoek itzulgaian duten garrantzia aipatuko ditut. Atal horretan itzulpen prozesuari buruzko hainbat ohar emango ditut. Jarraian, itzulpena bera txertatuko dut eta bukatzeko, hizkuntza konbinazioak eta itzulpen modalitateak, hots, bikoizketak, dituzten zailtasunak aztertuko ditugu, eta horretarako, itzulpen prozesuan aurkitutako zailtasunen adibideak eta horien konponbideak ikusiko ditugu. Azken atala bi fasetan banatuta dago: lehenengoa, itzulpena egiterakoan aurkitutako arazoena, eta bigarrena egokitzapena zehatzago egitean egin behar izandako aldaketena. Amaieran, ateratako ondorioak aipatuko ditut; alde batetik, itzulpenak tokia duen argituko dut, eta itzulpena egiterakoan ateratako beste ondorio batzuk aurkeztuko ditut.