Pintura monokromoa Italian: Lucio Fontanaren "Espazialismoa" eta Piero Manzoniren “Acrhome-ak”
Fecha
2020-11-20Autor
Arriola Salazar, Iker
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Honako lan honen ardatz nagusia Italiako XX. mendeko pintura monokromoaren fenomenoa bi artista eredugarrien bidez aztertzea bada ere, analisi honetaz gain monokromoaren erlazioa garai konkretu honetako artisten artean lan instrumentu eta espresio bide bezala ere aztertu nahi izan dut bere gorakada erraztu zuen koiuntura definitu batean, honetarako pintura mota honen jatorriak eta garapena aztertuz eta beste artista esanguratsu batzuei aipamena eginez.
Bestetik, lanaren erdigune diren bi artista nagusien monokromoaren tipologiatik ihes egiten duten beste artelan batzuk ere azaldu ditut, zeinak nahiz eta baliabide desberdinekin eginak izan artista hauen izaera eta ideietan sakontzen dute, eta hortaz lagungarriak dira artearen historiako aldi hau ulertzeko. Izan ere, garaiko oinarri artistikoekiko kritika eta apurketa desio eta konfrontazio hauek izan dira beti modernitatearen bilakaerarako oinarri garrantzitsuena.
Lehenik eta behin Fontana eta Manzoniren artea garatzen den Italiako XX. mende erdialdeko testuingurua aztertuko dugu, informalismoen tendentzia artistiko ezberdinen agerpenari bidea egin ziona lehenengo abangoardietako mugimendu “agortuei”, futurismoa eta pintura metafisikoari gehien bat, erreleboa eginez. Gerrak erabat erraustutako kontinentean artista belaunaldi berriak atsekabe hori historiatik at dagoen arte baten sorreran itzuliko dutela ikusiko dugu, monokromoa askotan purutasunaren sinbolo eta zerotik hasteko desio horren espresio baliabide bezala erabiliz.
Honen ostean arte monokromoaren izaera eta jatorria aztertuko ditugu modernismoaren hasieratik abiatuta XX. mendeko bigarren erdira doan epe horretan, Malevich-en 1915eko Karratu beltza hondo zuriaren gainean lehen berezko artelan monokromoa giltzarri bezala hartuz eta mugimendu eta artista esanguratsuek honen erabileraren inguruko teorietan erreparatuz, Yves Klein-en Zen eraginak edo Ad Reinhardt-en nihilismoa esaterako.
Lucio Fontana eta Piero Manzoniren inguruan, bietan eskema berdina jarraitu dut, lehenengo bakoitzaren ibilbidea eta biografia aztertuz, jarraian hauen produkzio artistiko monokromoari heltzeko, Fontanaren espazialismoa eta Manzoniren achrome-ak alegia. Azkenik beste intereseko datuak txertatu ditut, Fontanaren kasuan honen inspirazio iturrietaz eta gerora izandako eraginaren inguruko gogoeta batzuk bota ditut, eta Manzoniren kasuan ezinbestekoa iruditu zait bere gainontzeko produkzio artistikoan geldialdi bat egitea, Merde d’artista polemiko zein famatuan besteak-beste, bere izaera eta ideia artistikoak hobe ulertzeko derrigorrezko artelan direnak.