Berriro ere XVII. mendeko krisiaren inguruan: hurbilketa historiografiko bat.
Laburpena
XVII. mendeko krisiak azken hamarkadetan berrikusketa sakona jasan duen arren, urte askoan ikerketa ugariren iturburu izan zen, Aro Berriko ikergaien sailean “super-star” bat izanik. XVII. mendea matxinada, izurrite eta heriotzaz betetako geruza ilun batez estaliko zuen ideia ordea, Bigarren Mundu Gerra osteko Britainia Handiko historiografia marxistaren baitan izan zen sortua. Feudalismoaren eta kapitalismoaren arteko trantsizioaren inguruko eztabaiden testuinguruan, XVII. mendeko krisia feudalismoaren oztopoak ezabatu eta kapitalismoaren hazkundeko oinarriak ezarri zituen alditzat ezaugarritu zen. 1950eko hamarkadaren amaieratik, Hobsbawmek gidatutako marxismo britainiarraren baitako irekiera akademikoaren harira, arestian irizpide ekonomikoetan ezaugarritako krisiari, XVII. mendearen erdialdeko matxinadei eskaintzen hasi zitzaien interesa. Nahiz eta Europa osoko erreboltak eta matxinadak joera orokorren barnean egituratzeko saiakerak gauzatu, eskualdeko ikerketek izaera soziopolitikoko “krisi orokorraren” izaera ezeztatu zuten, tokian tokiko desberdintasunak joera orokorrak baino nabarmenagoak suertatu baitziren.
1970eko hamarkadatik aurrera, XVII. mendeko “krisi orokorrak” adarkatze eta higadura prozesu sakon bat jasan zuen. Alde batetik, “krisi” nozioaren inguruko eztabaidek izendapenaren bilakaera linguistikoa eta erabilgarritasun analitikoa zehaztu zituzten. Beste aldetik, Aro Berriko izendapen analitiko ugariren berrikuspenaren ildoan, XVII. mendeko krisiarekin hertsiki lotutako zenbait noziok garrantzia galdu zuten, krisia berarekiko ohiko kontakizunak kinka larrian lagaz.
XVII. mendeko krisiaren ertz ekonomikoak ordea, inoiz baino onarpen handiagoa lortu du azken hamarkadetan, jatorrizko gerraosteko irakurketa marxistatik urruti agertu den arren. Feudalismoaren eta kapitalismoaren arteko trantsizioaren momentu erabakigarria baino, azken hamarkadetan garaiaren izaera eraldatzailea azpimarratu da, Europa osoko errealitate ekonomikoen berregituraketa aldia izanik. Aldaketa horiei dagokienez ordea, jatorriz gakoa urruneko merkataritzan eta koloniekiko ekoizpenean kokatu izan arren, azken aldian tokian tokiko barne merkataritzaren eta landa inguruko harreman sozial berrien garapenaren garrantzia azpimarratu da. Horrela, oraindik ere “krisi” izendapenak duen erabilgarritasuna handia da historia ekonomikoaren sailean, XVII. mendeko gorabeherak aurreko eta ondorengo prozesuen artean egoki kokatzeko gai baita, betiere prozesuaren baitako jarraikortasun eta berrikuntza elementuak integratuz, eta ertz anitzeko kontakizun amankomun bat osatzea ahalbidetuz.