"Bertsolaritza Ikastetxean" Proiektua
Ikusi/ Ireki
Data
2021-04-15Egilea
Najera Saez de Vicuña, Aitor
Laburpena
“Bertsolaritza”. Horren gertuko eta ezaguna izan dudan hitza baina aldi berean horren ezezaguna izaten jarraitzen duena. Jaio nintzetik gurasoek euskal kulturan murgildu izan naute. Gogoan ditut “Takolo, Pirritx eta Porrotxen” ikuskizunak, Bernardo Atxagaren “Xola” liburu bildumak, Ken Zazpi bezalako euskal talde ugariren kantak… Hauek guztiak ezagunak izan ditudan bezala bertsolaritza ere ezaguna egin izan zait, ezaguna baina ezezaguna aldi berean. Izan ere, gurasoak bertsozaleak izan ez diren arren Gasteizko jaietan sarritan egon izan gara Ahiotz plazako bertso saioak entzuten. Tutik ulertzen ez genuen arren eta ezezaguna izan zitekeen arren bertsolaritza ezaguna egin zait urte luze hauetan zehar. Lehen Hezkuntzako bosgarren mailara salto egin nuenean bertsolaritza eskolan landu egiten zela konturatu nintzen. Iñaki Viñaspre bertsolaria ikastetxera etortzen zen bosgarren eta seigarren mailako ikasleei bertsolaritza saio batzuk ematera eta urte horretan niri egokitu zitzaidan saio horiek jasotzea. “Bertsolaritza Ikastetxean” proiektuaren zabalkuntza garaia zen orduan, 2008. urtea zehazki, eta ikasleok oso harrera ona egiten genion Iñakiri gure ikasgeletan sartzen zenean. Pare bat urte igaro ondoren, nire herrian, Zalduondon, herriko zenbait gazteri esker bertso-eskola sortu egin zen. Bertan sartu eta “Bertsolaritza” gertutik ezagutzeko aukera paregabea izan nuen. Lan honetan, “Bertsolaritza Ikastetxean” proiektuak urte luzez ikastetxeetan izandako garapena ezagutaraziko da eta bide horretan gaur egunean bizi duen egoera azaleraraziko da. Horretarako, marko teoriko batean informazioa bildu eta hezkuntza arautuan bertsolaritza saioak ematen ibili diren eta ematen jarraitzen duten lau irakasleri elkarrizketak egingo zaizkie. Testigantza horiek izango dira lanaren muina, haien esperientziari esker jasoko baita proiektuaren gaur eguneko bizi-kalitatea. Testigantzek, ordea, ez dute bakarrik egitasmoaren ondorio positibo eta negatiboak bilduko, proposamen bat aurkeztuko da. Proposamen horrek egitasmoaren hutsunean identifikatu eta horiei aurre egin edo hobetzeko pausoak zehaztuko ditu. Beraz, lan honetan elkarrizketatuak izan diren lau irakasleei eskerrak ematearekin batera, asko luzatu gabe, aurrera egingo dugu lan honekin.