Tabako-ohitura eta bihotz-biriketako gaitasuna, hipertentsioa, gehiegizko pisua, bizimodu sedentarioa eta ez-aktiboak dituzten pertsonengan
Ikusi/ Ireki
Data
2022-04-13Egilea
Ogueta Martínez, Jon Ander
Laburpena
SARRERA: Tabako-ohiturak gaixotasun kroniko gehienak pairatzeko arriskua areagotu dezakeen zabaldutako aztura da. Hauen artean, hipertentsioaren eragilea izan daitekeela behatu da. Honez gain, jarduera fisikoarekiko (JF) tolerantzian eta bihotz-biriketako funtzioan eragin kaltegarria izan dezake. Izan ere, JF-ak arrisku hauen garapena murriztu ditzake, bihotz-birika gaitasunean (BBG) hobekuntzak eragiten.
HELBURUAK: Hipertentsioa, gehiegizko pisua, bizimodu sedentarioak eta ez-aktiboak dituzten pertsonen BBG-arengan tabako-ohiturak izan ditzakeen eraginak aztertzea eta JF interbentzio ondorengo egokitzapen ezberdintasunak aztertzea.
METODOAK: EXERDIET- HTA ikerkuntzan 222 parte hartzaile (53,8 ± 7,9 urte) parte hartu zuten. Bihotz-birika gaitasunaren neurketa bizikleta ergometriko baten bitartezko esfortzu proba izan zen. Hamasei asteko ariketa fisiko gainbegiratuarekin interbentzioa egin zitzaien (bi egun astean), bi talde ezberdinetan banatuz erretzaileen taldea (ERT) eta ez-erretzaileen taldea (EERT). Proba guztiak 16 asteko interbentzioaren aurretik eta ondoren errepikatu zitzaien.
EMAITZAK: Interbentzio aurreko taldeen konparaketan, ERT-ak, EERT-rekin konparatuz, gorputzeko masa totalean, gorputz masa indizean, eta gantz masan (GM) baloreetan altuagoak (p<0,05) azaldu zituen. Ordea, gantz gabeko masan (GGM), ERT-ak balore baxuagoak (p<0,05) aurkezten zituen, EERT-rekin konparatuz. Aldiz, BBG-aren aldagaietan (oxigeno kontsumo pikoan, VO2piko eta baliokide metabolikoan, MET) ez ziren ezberdintasunik (p>0,05) behatu. Interbentzioaren amaieran bi taldeek balore guztietan hobekuntza esanguratsuak azaldu zituzten aurre vs. ondoko balioak aztertuz, bai gorputzeko konposizioan, bai BBG-balioetan. Bestalde, ERT-aren eta EERT-aren hobekuntzen aldaketa-deltari dagokionez, GM eta GGM parametroetan ezberdintasun esanguratsuak behatu ziren ERT-an hobekuntza altuagoak (p<0,05) behatuz. Hala ere, interbentzioak eragindako VO2piko eta METpiko-ko hobekuntzetan ez ziren aldaketa-deltako ezberdintasunik (p>0,05) behatu ERT-aren eta EERT-aren artean.
KONKLUSIOAK: Tabako-ohitura (ERT vs. EERT) kontuan hartu gabe, ariketa fisikoaren interbentzioak BBG-an efektu onuragarriak eragin zituen hipertentsioa, gehiegizko pisua, bizimodu sedentarioak eta ez-aktiboak ziren pertsonetan. Bestalde, ERT-an aurkitutako ondoriorik onuragarrienak, EERT-arekin alderatuta, gorputz konposizioari dagokionez, JF-ak metabolismo oxidatiboan izan dezakeen eragina pentsarazten du. Ikerketa honetan eskuratutako emaitzak osasun arloko profesionalen tabako-ohituraren aurkako mezua gizartean barreiatzeko eta bizimodu osasungarriagoak zabaltzeko lagungarriak izan daitezke.