Ariketa fisikoa barneratzen duen erizaintzako zainketen eragina paziente onkologikoen funtzio kognitiboan
Laburpena
Sarrera. Minbiziak gaur egun duen prebalentzia geroz eta altuagoa dela eta, harekin eta haren tratamenduekin lotutako albo-ondorioak pairatzen dituzten pazienteen prebalentzia ere handitzen ari da. Pazienteek sufritzen duten albo-ondorio bat funtzio kognitiboaren narriadura da, paziente hauen bizi-kalitatean okerrera eragiten duelarik. Funtzio kognitiboaren narriadura gutxitzeko ariketa fisikoa interbentzio posible bat izan daiteke.
Helburua. Ariketa fisikoak barneratzen duen erizaintzako zainketak paziente onkologikoen funtzio kognitiboan duen eragina aztertzea da errebisio honen helburu nagusia. Helburu zehatzei dagokienez, paziente onkologikoen funtzio kognitiboaren narriadura ezagutzea, narriadura kognitiboa gutxitzeko ariketa fisikoko zein interbentzio diren onuragarriak zehaztea eta minbizi ezberdinetan ematen den narriadura kognitiboan ariketa fisikoaren onurak aztertzea dira.
Metodologia. Bilaketa bibliografiko baten bitartez egindako errebisio hau aurrera eramateko, osasun-zientzietako datu base ezberdinak erabili dira: Pubmed, Dialnet eta BVS (Biblioteca Virtual de la Salud). PIO egitura jarraituta bilaketa burutu da, guztira 17 artikulu lortuz. Horrez gain, gaiarekin erlazionatutako organismo ofizialen hiru web-gune ere erabili dira informazio gehigarria lortzeko, Asociación Española Contra el Cáncer, Osasunaren Mundu Erakundea eta Sociedad Española de Oncología Médica.
Emaitzak. Minbizia duten pazienteetan ariketa fisikoa egitea eraginkorra da funtzio kognitiboaren narriadura hobetzeko interbentzio bezala; izan ere ikerketetan ondorio positiboak ageri dira alderdi desberdinetan: lan-memorian, memoria bisualean, funtzio exekutiboan, abiadura psikomotorrean eta prozesatze abiaduran besteak beste.
Eztabaida. Ariketa fisikoa funtzio kognitiboa hobetzeko baliagarria dela frogatu da, baina ariketa fisikoko mota ezberdinetako ikerketak egin dira orain arte, eta programa optimo bat falta da.
Ondorioak. Narriadura kognitiboa tratatzeko ariketa fisiko aerobikoa, indar ariketak edo gorputz-adimen ariketak (Yoga, Qigong eta Tai Chi) erabili daitezke interbentzio posible bezala, eta hobe intentsitate moderatukoa bada, arina baino eraginkorragoa baita. Narriadura kognitiboaren prebentzioan eta tratamenduan paper garrantzitsua izan dezakete onkologiako erizainak, izan ere, interbentzio hau aurrera eramateko profesional aproposenak dira.