Erizaintzako profesionalak suizidioaren detekzioan eta prebentzioan lehen mailako arretan
Laburpena
Sarrera. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, suizidioa emaitza hilgarria
duen ekintza bat da, subjektuak nahita hasitakoa eta egindakoa, bere emaitza hilgarria
jakinda edo espero izanda. Gaur egun, suizidioa osasun publikoko arazo larria da.
Mundu mailan, urtero 800.000 pertsona baino gehiagok egiten dute beren buruaz beste
eta Espainian kanpoko heriotza-kausa nagusia da, 2020.urtean suizidioaren ondoriozko
heriotzen maximo historikora iritsiz. Arazo honen aurrean, Lehen Mailako Arretako (LMA)
erizainak paper garrantzitsua du suizidio-arriskuaren detekzioan eta prebentzioan.
Helburu orokorra. Bere buruaz beste egiteko arriskua duten pazienteen detekzioaren
eta prebentzioaren aurrean LMAko erizainak burutu beharreko jarduerak zehaztea eta
hauen eraginkortasuna aztertzea.
Metodologia. Helburuen garapenerako berrikuspen bibliografikoa egin da. Horretarako,
PIO egitura jarraituta, osasun-zientzietako datu-base desberdinetan bilaketa egin da:
BVS, Cuiden, Dialnet eta Pubmed. Bilaketa zehazteko iragazkiak eta barneratze- eta
kanporatze-irizpideak aplikatu dira, guztira 24 artikulu eskuratuz. Horrez gain, gaiarekin
erlazionatutako 4 web-orri eta 3 liburu erabili dira.
Emaitzak. Pertsona batek bere buruaz beste egiteko eragina duten arrisku-faktoreak, -
prezipitatzaileak, -babesleak eta alerta-zeinuak aurkitzen dira. Arriskuan dauden
pertsonak identifikatzeko, osasun-profesionalek elkarrizketa klinikoaren eta ebaluazio-
eskalen bidez, ebaluazio egoki bat egitea ezinbestekoa da. LMAko erizainek
suizidioaren arrisku-faktoreak detektatzen eta arretaren jarraitasunean paper
garrantzitsua jokatzen dute. OMEk suizidioaren prebentzioaren garrantzia aitortzen du,
nazio-mailan eta tokian tokiko estrategiak ezartzeko beharra nabarmenduz. Hala ere,
Espainiak oraindik ez du suizidioari aurre egiteko programa nazionalik.
Eztabaida. Esku-hartze goiztiarrek (arretaren koordinazioa, segurtasun plangintza,
kontaktu aktibo bidezko jarraipena) suizidio-saiakerak murrizten dituela ikusirik, LMAko
erizainak arlo honetan trebatzea eta jarduteko tresnak eskura edukitzea ezinbestekoa
da. Bestalde, suizidioaren inguruko tabu-soziala ezabatzearen beharra dago, bertan,
LMAko erizainak paper garrantzitsua izan dezaketelarik, osasun aditu gisa komunitateari
sentsibilizazio-kanpainen bidez suizidioaren inguruko informazioa helaraziz.
Ondorioak. Suizidio-jokabidea konplexua da, baina, prebenigarria, eta bertan, osasun-
profesionalek funtsezko zeregina dute. Askok bere buruaz beste egin aurretik LMAko
zerbitzua bisitatzen dutenez, erizainek leku pribilegiatua dute suizidioaren detekzio eta
prebentzioan. Beraz, osasun langileen prestakuntza hobeagoa izatea beharrezkoa da.