Dieta mediterraneoarekiko atxikipenak haurren sindrome metabolikoaren prebentzio eta tratamenduan dituen onuren errebisio bibliografikoa.
Fecha
2023-02-28Autor
Goikoetxea Garciandía, Garbiñe
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Gehiegizko pisuaren prebalentzia nabarmenki handitu da haur eta nerabeetan azken urteetan XXI. mendeko osasun publikoko arazo nagusia bihurtu delarik. Obesitatea duten haur eta nerabeen artean, askok, bestelako arazo metabolikoak dituzte eta hauek sindrome metabolikoa (SM) izatera daramatzate. Prebalentziaren handitze honen erantzule dietako hainbat faktore izan daitezke, baita dieta mediterraneoaren (DM) atxikipen baxua ere. Izan ere, DM-ren jarraipena gaixotasun kronikoen prebalentzia baxuarekin eta bizi-itxaropen altuarekin erlazionatu da. Ikerlan honen helburu nagusia, DM-k SM-ren prebentzio eta tratamenduan dituen onurak aztertzeko errebisio bibliografiko bat burutzea da eta bigarren mailako helburutzat, SM edo honen osagairen bat duten haur eta nerabeen patroi dietetikoen azterketa orokorra egitea. Errebisiorako bilaketa “PubMed” datu basean egin da eta bertan, SM-ren prebentzio eta tratamenduan oinarrituriko entsegu klinikoak aztertu dira. Lortutako emaitzetan autoreen arteko desadostasunak egon dira bai prebentzioan eta bai tratamenduan ere. Edonola ere, orokorrean ikusi da DM-k SM-ren osagaien eta arrisku kardiometabolikoengain efektu onuragarriak dituela, baina DM eta SM-ren arteko harreman zuzenaren ebidentzia nahikorik ez dagoela egun. Izan liteke DM-k zuzenean SM-ren gain duen efektua definizio bateratu baten faltagatik ikusi ez izana, edo DM-k duen efektua ikerlan gutxitan aztertu izanagatik, gehienetan DM eta jarduera fisikoaren efektu bateratua aztertu delako. Izan ere, autoreek jarduera fisikoaren garrantzia azpimarratu dute SM-ren prebentzio zein tratamenduan. Beraz, DM SM-ren prebentzio eta tratamendurako erabilgarria izan daitekeela dirudi eta hau jarduera fisikoarekin konbinatzea arrazoizkoa dirudi honek duen efektuagatik. Ondorioz, populazio pediatrikoan DM eta jarduera fisikoan oinarritutako bizi-ohitura osasungarrien sustatzean lan egin behar da, honela, SM-ren eta honen osagaien zein bestelako gaixotasun kronikoen prebentzioan lan egingo delako.