Euskal elebidunak deskribatzen: 2015-2021 bitarteko ikerketak aztergai
Ikusi/ Ireki
Data
2023-04-17Egilea
Yerro Arribillaga, Oihane
Laburpena
Azken urteotan, izugarri ugaritu dira elebidunen inguruko ikerketak, eta baita
elebidunen inguruko ikerketa konparatiboak ere. Lan horiek hainbat erabaki metodologiko
hartzea eskatzen dute, tartean elebidunen (edota elebakarren) kategorizazioari dagozkionak,
eta egiteko hori konplexua da. Gero eta lan gehiagok erakutsi dute ez dagoela irizpide argirik
elebidun edo elabakrarrak bereizteko, eta ezta elebidun moten arteko bereizketarako (Luk &
Bialystok, 2013; Wagner et al. 2022). Surrain eta Luk-ek (2019 ) 2005-2015 bitarteko
elebidunen inguruko lan enpirikoak aztertu zituzten elebidun eta elebakarren etiketa eta
deskribapenak literaturan nola egiten ziren aztertzeko asmoz. Lan horrek erakutsi zuen
irizpide desberdinak erabiltzen zirela bai gaitasuna aztertzeko, eta baita parte-hartzaileak
deskribatzeko eta kategorizatzeko ere, eta horregatik, ondorioztatu zuten aurrera begira
parte-hartzaileak zehatzago deskribatu beharra.
Lan hori oinarri hartuta, gradu amaierako lan honen helburua da euskal elebidunak
2015-2021 bitarteko lan enpirikoetan nola etiketatu eta deskribatu diren aztertzea,
esperientzia elebidunean eragiten duten faktore psiko-sozialak nola jaso eta azaltzen diren
ezagutzeko. Horretarako, nazioarteko Scopus datu-basean euskaldunei buruzko ikerketa
enpirikoak oinarri dituzten artikuluen corpusa osatu dugu (135 artikulu). Artikulu horietan
honako ezaugarri hauek jasotzen diren eta hala bada nola neurtu diren aztertu dugu. Batetik,
parte-hartzaileei erreferentzia egiteko etiketen erabilerari erreparatu zaio, hain zuzen, etiketa
horietan honako hauek ageri diren aztertu da: elebidun elebakar dikotomia, jabekuntza-adina,
hizkuntza nagusitasuna eta hizkuntza gaitasuna. Bestetik, parte-hartzaileen deskribapenei
dagokienez, euskal elebiduna ezaugarritzeko zer datu ematen diren (besteak beste gaitasuna,
erabilera, etxeko hizkuntza eta eskolatze hizkuntzaren zehaztapenak, eta azkenik,
parte-hartzaileen testuinguru soziolinguistikoa) eta datu horiek lortzeko erabilitako
galdetegiak edo bestelako tresnak zein diren aztertu nahi izan dugu.
Emaitzek erakutsi dute etiketei dagokienez, herenak baliatzen duela elebakar elebidun
dikotomia eta gehienek jabekuntza-adinean oinarrituriko etiketak erabiltzen dituela (2H1,
H2g, H2b, H1, H2). Horrekin batera, hizkuntza nagusitasuna (dominant, balanced bilingual)
eta hizkuntza gaitasuna (highly proficient) ere adierazten dute batzuek. Deskribapenei
dagokienez, euskal elebidunak ezaugarritzeko galdetegiak erabiltzen dira ikerketen erdian;
eta horietan galdetegi subjektiboak gailentzen dira. Erabileraren inguruko zehaztasunak
apenas ageri dira, eta datu hori baino sarriago jasotzen da etxeko hizkuntza zein den eta
eskolatze hizkuntza. Azkenik, Surrain eta Luken (2019) ikerlanean ez bezala, eremu
soziolinguistikoa da euskal elebiduna deskribatzeko gailendu den ezaugarria (erdiak edo
aipatzen du), hein handi batean aldagai honek bideratzen duela euskal elebidunaren
esperientzia eta ezaugarritzea