Mendebaldeko mugalde goiena ekialdeko muga aitzindari
Ikusi/ Ireki
Data
2023-04-17Egilea
Ituarte Arrizubieta, Jokin
Laburpena
Muga kontzeptuak denboran aurrera izandako garapen sakon bezain konplexua
kontuan izanik, iraganeko mugei ezingo litzaizkieke egungo mugen balioak erantsi. Mugaren
balioak gizataldeek zehaztuko dituzten bide beretik gizartearen konfigurazioan mugak ere zer
esan handia izango du. Bide horretan, iraganeko herriekiko azterketa osotuagoa gauzatzeko
bide oso erabilgarritzat har genezake mugaren gaineko ikerketa, gizarte eta mugaren arteko
lotura sakona oinarri. Hori horrela, lan honetan ikusmira VIII. eta IX. mendeetan zehar Ebro
bailaran barrena hedatuko zen al-Andalus-eko Mugalde Goienean jarri, eta hango giza
taldeek mugarekin harremanetan garatuko duten gizartea aztertzea izango dugu xede.
Lehenik, sarrera gisara mugaren inguruan izandako interpretazio eta hausnarpen
ezberdinak jorratuko ditugu. Jarraiki, Eduardo Manzanok mahaigaineratuko duen islamiar
mugen arteko eskemen erreprodukzioaren ideia oinarri izanik, muga islamiarrak jatorria
izango lukeen Anatoliar penintsulako mugan jarriko dugu arreta, lanaren muina litzateken
Mugalde Goieneko errealitatea hango eskemetan oinarrituko baita.
Ondoren, Anatoliako mugaz jardun ostean, lan honen mamia dugun Mugalde
Goienean sakontzeari ekingo diogu. Hasteko, mugaldean Islamak hegemonia zuen lurraldean,
dār al-Islām-ean kokaturik hango alor politiko-administratiboa zein sozio-kulturalaz hitz
egingo dugu, ezaugarriok Anatoliako eskemetan izandako oinarria kontuan. Jarraitzeko, Goi
Mugako ezaugarriak liratezken dinamikotasun eta aniztasuna adibide zehatzekin errealitatean
forma nola hartzen zuten ikusteko mugan izandako leinu nagusienetako bi aztertuko ditugu,
bata muladī-a, bestea arabiarra: Banū Qasī eta Banū Tuŷīb leinuak. Leinuok aztertu ostean
dār al-Islām eremutik ezberdintzen zen mugako dār al-Ṣulḥ eremu bereziaz ere hitz egingo
da, kontzeptu horrek mugaren artikulazio-prozesuan izango duen eragina azpimarratuz.
Amaitzeko, lanaren azken atalean ondorio orokorrak mahaigaineratuko dira, ateratako
hausnarpen nagusiak laburbilduz. Horrela, muga konfigurazio elementu esanguratsutzat zuen
eremu hartako gizartean nagusituko zen aniztasun, dinamismo zein Ekialdeko elementuen
eragina argudiatuko da aurretik azalduak izan diren ideia zein adibideetan oinarrituz, modu
osotu bezain argian.