/RT/ taldeen bilakabide diakronikoa eta erronkarieraren lekukotasuna: irudia(k) fintzen
Fecha
2023-04-17Autor
Rojo Horrillo, Leyre
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Euskararen historian eztabaidatu den fenomenoetako bat n-/l- ondoko herskarien
oposaketa izan da. Zenbait ikertzailek berezitasun honen arabera isoglosa garbia
irudikatu izan dute mendebaldearen eta ekialdearen artean. Honetaz aparte, mugaren bi
aldeetan hilko edo Jainko bezalakoak aurkitzeagatik, albokariaren eta sudurkariaren
ondoren leherkari ahoskabea hotsik zaharrena dela esan ohi da. Era berean, erronkariera
berezitasun honen gordetzaile dela defendatu da, borontate edo alte “egitura zaharrak”
gorde izan dituelako. Haatik, Mitxelenak (1961) kontrako azalpena iradoki zuen –nahiz
gero ez garatu– hau da, bere ustez sudurkariaren eta albokariaren osteko herskari
ahostuna izan daiteke hotsik zaharrena. Ildo honetatik, Lakarrak (2013, 2014)
Mitxelenaren alde zenbait argudio ematen ditu eta guk erronkarieraren ezaugarri hau
diakronikoki azaltzeko asmoz, ikerbide honi ere heltzea erabaki dugu. Horretarako,
Erronkariko eta Zuberoko hizkeren lekukotasun diren Gabriet Etxart eta Miguel Rosen
gutunak izan ditugu aztergai.
Baliatuko dugun corpusa aurretiaz deskribatzea ezinbestekoa iruditu zaigu.
Horregatik, Etxart eta Rosen bizitzen azalpenekin batera, corpusa nolakoa den ere
zehaztu dugu. Horrela, eskutitz batek bi zirriborro dituela ohartu gara eta honen
garrantzia azpimarratu dugu horietako batean Rosek Etxarten hizkerara hurbiltzeko
ahalegina egiten duelako. Gainera, berezitasun honek ondoren aztertu dugun n-/londoko leherkarien fenomenoan eragina izan dezakeela jabetu gara.
Honen ostean, herskarien ahostun/ahoskabe bilakabideari heldu diogu.
Horretarako, Rosen gutunen gaineko analisia burutu dugu, baina Etxartenak ere
baliagarriak izan zaizkigu eta hauei erantsi nahi izan dizkiegu garai bertsuko edo
geografia hurbileko lekukotasunak: Betolaza, Beriain, Etxeberri Ziburukoa, Leizarraga,
Axular, Bonaparte, Hualde Mayo eta Mendigatxa.
Lan honetan ikusiko dena aurreratuz, gramatikalizazioari eta “Trasken legea”ri
lotuta ahostun > ahoskabe bilakabideak aurkitu ditugu eta, honekin batera, ondare
zaharreko CVC-DV egiturak beste edozein baino lehenagoko direla ondorioztatu dugu.
Ondorioz, hurbilketatxo honek erronkariko gutunen bidez Mitxelenaren 1961ko
proposamena lantzea du helburu. Horrenbestez, bilakabide diakronikoa ikerketaren
ardatz izango dugu, erronkarieraz eman ohi den irudi klasikoa fintzen saiatuaz.