Musika bidezko interbentzioak helduen Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) eta ongizatearen arteko erlazioa: literaturaren berrikuspena
Ikusi/ Ireki
Data
2023-06-22Egilea
Francisco Fernández, Iker
Laburpena
Zainketa Intentsiboetako Unitateko ingurumenak eta gailu inbasiboen agerpenak paziente kritikoan ondoeza eragiten duten sintomak agerrarazten ditu, zeinak bereziki, farmakoen bidez arintzen diren. Egungo gidalerroek farmakoen lana konplementatzen duten terapia ez-farmakologikoaren erabilpena gomendatzen dute; hala nola, musika bidezko interbentzioak. Zaintza intentsiboan musikaren erabilpena egun urria izan arren, antzinatik osasunarekin lotu den praktika da eta egungo ebidentziak iradokitzen du musika-interbentzioek onurak eragin ditzaketela pertsonaren dimentsio ezberdinetan.
Helburua: musika bidezko interbentzioek Zainketa Intentsiboetako Unitatean ospitaleratuta dauden paziente helduen ongizatean duten eragina aztertzea.
Metodologia: literaturaren errebisioa egin da. Bilaketa bibliografikoa Pubmed, Biblioteca Virtual de la Salud, Web of science, Scopus eta Trip Medical database datu-baseetan gauzatu da. Horretarako, Patient Intervention Outcome egitura erabili da eta barneratze- eta kanporatze-irizpideak zehaztu dira. Informazio gehiago lortzeko, zenbait erakunderen web-orriak kontsultatu dira.
Emaitzak: gehien deskribaturiko musika-interbentzioak musika entzutea eta musikoterapia izan dira. Horrez gain, musika klasikoaren, musika erlaxagarriaren eta pazientearen lehentasunen araberako musikaren erabilpena gailendu da. Interbentzioak aplikatzeko denboran eta maiztasunean aldakortasuna ikusi da. Musikaren onurak deskribatu dira pazienteetan, alderdi desberdinetan. Erizainari dagokionez, musika-interbentzioetan rol desberdinak betetzen dituen profesional gisa deskribatu da.
Eztabaida: zenbait eztabaidagai sortu dira Zainketa Intentsiboetako Unitatean musika-interbentzioak aplikatzearen inguruan. Alde batetik, musika-interbentzioak definitzerakoan, kontzeptuen adostasun falta ikusi da eta interbentzioen zein musika-moten baliagarritasunaren inguruan iritzi desberdintasuna eztabaidagarria da. Baita erizaintza-jardueraren eta oztopoen arteko bateragarritasuna zein literatura-gomendioen eta egungo musika-interbentzioen aplikazioaren alderaketa ere. Bestetik, ikerketen metodologian ikusitako hutsuneak aipatzekoak dira.
Ondorioak: musika-interbentzioek Zainketa Intentsiboetako Unitateko pazientearen ondoeza gutxitu dezakete. Musika-medikuntza zein musikoterapia interbentzioak onuragarriak dira eta tenpo moteleko musikak eta lehentasunen araberako musikak onura desberdinak eragiten dizkio pazienteari. Horrez gain, 15-30 minutu bitarteko saioak nabarmendu dira. Erizaina interbentzioen aplikatzaile, baloratzaile eta kolaboratzaile gisa identifikatu da. Etorkizunean, ikerketa gehiagoren beharra agerian utzi da, kontzeptuak bateratzeko, musika-moten ebidentzia gehiago sortzeko eta erizaintza-jardueraren erregulazioan aurrera-pausoak emateko.
Hizkuntza: euskara.