Menpekotasuna eta epe-luzeko zaintzaren irudikapen soziala: zaintza-kulturaren, antolaketa soziallaren eta harremanen eraldaketa.
Fecha
2023-04-26Autor
Castelo Moñux, Uzuri
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Gaur egungo gizarte modernoan epe-luzeko zaintza sistemaren inguruko eztabaida eta eraldaketa kultural sakona ari da gertatzen, non, zaintzari loturiko balio familiarista eta egitura tradizionalak dauden ezbaian (Deusdad et al., 2017; Ranci eta Pavolini, 2015; Vega, 2009). Ekonomia feministatik eratorritako irakurketa eta ahotsek, azken hamarkadetan izandako aldaketa soziokultural eta demografikoen ondorioz, gizarteak bizi duen zaintza krisia edo bizitza eta kapitalaren arteko gatazka azpimarratzen dute (Pérez-Orozco, 2006, 2021). Menpekotasunari loturiko beharrak ugaritu eta etxeko emakumeen zaintza-hornidura apaldu den honetan, politika publikoek ahulak eta gizonezkoen parte-hartzeak txikia jarraitzen du izaten, zaintzaren desoreka, arreta eskasia eta merkantilizazioa areagotuz (Comas-d'Argemir, 2015, 2019). Ondorioz, menpekotasun-egoerei loturiko eguneroko zaintza, XXI. mendean kolektiboki kudeatu beharreko fenomeno eta behar sozial garrantzitsua bilakatu da (Tobio et al., 2011). Ondorengo doktorego tesiaren helburu nagusia menpekotasunaren eta epe-luzeko zaintzaren irudikapen soziala aztertzea, eta jendeak egunerokoan fenomenoa nola ulertu eta kudeatzen duen ezagutzea da. Krisian eta trantsizioan dagoen gizarte honetan, nola ulertzen da menpekotasuna, eta zein inplikazio ditu eguneroko zaintza eta ongizatearen kudeaketan? Nola nahiko genuke besteak zaindu eta gu zaindu gaitzaten? Zer eska diezaiokegu familiari, zer estatuari eta zer komunitateari? galdera eta gogoeta horietan murgiltzeko asmotan, menpekotasunaren eta epe-luzeko zaintzaren gaia irudikapen sozialen teoriaren ikuspuntutik lantzen da tesi honetan, komunitateko auziak kolektiboki nola ulertuak diren aztertzeko lanabesa eskainiz (Moscovici, 1961; Jovchelovitch, 2007).Irudikapen sozialen teoriak, egungo gizartean ertz askotatik begiratuta, gatazkatsua den fenomenoa sozial ¿berria¿-ren inguruan hedatzen diren ideia, balio eta praktikak aztertzea ahalbidetzen du (Moscovici, 1961, 1984). Irudikapen sozialek inguratzen gaituen mundua ulertzea ahalbidetzen dute, ezagutza berriak zentzuz betetzen dituzte eta horiei sormenez erantzuteko baliabide kognitiboak ematen dituzte (Jodelet, 1984). Epistemologiari dagokionez, hurbilpen dialogikoa baliatzen da (Marková, 2003). Horri esker, menpekotasuna eta zaintzari buruzko eztabaidak eta hari-mutur ezberdinak aletzeko ikuspegia ematen da, giza kognizioaren izaera erlazionala, kontraesankorra eta aldakorra nabarmenduta (Jovchelovitch, 2007). Testuinguru kultural eta interakzio sozialen dialogikotasunaren baitan, konfiantzak berebiziko garrantzia hartzen du jatorri ezberdinetako zaintza-harremanen garapenean eta ongizatean (Gilbert, 2021; Helliwell eta Wang, 2011; Marková eta Gillespie, 2007). Zentzu horretan, tesiaren aplikagarritasuna bilatze aldera, gizartean zaintza eragile ezberdinekiko konfiantza nola areagotu daitekeen eta hau zein balio eta alderdi soziokulturalen menpe dagoen aztertzen da.Irudikapen sozialen izaera eklektikoa eta triangulazio metodologikoaren printzipioak oinarri hartuz, ikerketa metodo ezberdinak erabili eta uztartu dira (Apostolidis, 2006; Caillaud et al., 2019). Horien artean, elkarrizketa indibidualak, hitzen asoziazio askea eta galdetegia. Guztira lau azterlan enpirikok osatzen dute tesia. Lehenengo eta bigarren azterlan kualitatiboetan, menpekotasunari eta zaintzari buruzko irudikapenak eta ezagutza sistemak aztertzen dira hiru aktore edo kolektibo nagusien ikuspegietatik, hau da, zaintzaileak, senitartekoak eta adineko zainduak. Hirugarren eta laugarren azterlanetan berriz, irudikapenaren alderdi soziokulturaletatik pertsonarteko mailara jotzen da, eta jendartean zaintza eragile ezberdinekiko (familia, lagunak, komunitatea eta erakundeak) dagoen konfiantzak ongizatearekin eta balioekin dituen loturak aztertzen dira. Horietako bakoitzaren emaitza eta ekarpen nagusiei erreparatuta, ondorengoa iradokitzen da: Lehen azterlanean, menpekotasunaren eta epe-luzeko zaintzaren esanahia gizartean jatorri ezberdinetako ezagutza eta balioen arteko aldiberekotasun eta tentsioaren bitartez adierazten dela agerian uzten da. Senideekin, zaintzaileekin eta adineko pertsona zainduekin egindako hogeitasei elkarrizketetatik abiatutako analisi tematikoak, irudikapen soziala artikulatzen duten tentsioen berri ematen du. Tentsio horiek, besteak beste, familian oinarritutako zaintzaren kultura eta moralitatearekin, lanaren banaketarekin, instituzionalizazioarekin, menpekotasunari buruzko ikuspegi biomediko eta produktibistekin edota zaintzaren dualtasunarekin zeukaten zerikusia. Azterketa honen bitartez, egungo gizartean gaiaren bueltan dauden eztabaida eta eraldaketak ulertzeko gako batzuk ematen ditu. Bigarren azterlanean, ezagutza sistemetan izandako modernizazioaren ondorioz, epe-luzeko zaintzari loturiko ezagutzetan ematen ari den eraldaketak agerian uzten dira, horiek senideengan, zaintzaileengan eta adineko zainduengan nola adierazten diren erakutsiz. Lehen azterketatik abiatuz, hogeitasei elkarrizketen hurbilketa kualitatibo berri bat egin zen, eta Jovchelovitch eta Priego-Hernández-ek (2015) garatutako Polifasia Kognitiboaren kontzeptualizazioa baliatu zen ezagutza eraldaketak aztertzeko baliabide gisa (Jovchelovitch eta Priego-Hernández, 2015). Emaitzek, hiru kolektibo nagusi horietan zaintzaren esanahia nola eraldatzen ari den ulertzeko ikuspegia ematen dute. Zehazki, zaintzari buruzko balio familiaristen ordezkapena adierazten da senideengan, lanari eta identitate profesionalaren garapenari loturiko kontraesanak zaintzaileengan eta erakundetze zein arreta ereduei buruzko ezagutza berriak adinekoengan. Modu horretan, bigarren azterketa honen bitartez aldaketa soziokulturalak eta zaintzari loturiko ikusmolde berriak eguneroko pentsamenduan nola barneratu eta kudeatzen diren ulertzeko ekarpena egiten da. Hirugarren azterlanetik eratorritako emaitzek, zaintza eragile edo iturrienganako konfiantza ongizatearekin nola lotzen den erakusten dute. Gizartean zaintza-eragileenganako dagoen konfiantza neurtzeko eskala bat eraikia izan zen, eta populazio orokorrera (n=174) zuzendutako galdetegi baten bitartez jaso ziren datuak. Burututako korrelazio eta erregresio analisien bitartez, Covid-19aren osasun krisiaren lehen hiru hilabeteetan, erakundeenganako (etxez-etxeko zaintza zerbitzuak, eguneko zentroak, egoitzak, etab.) konfiantza pertsonen ongizatearekin zuzenean lotzen zela azaleratzen da. Horrek, erakundeen kasuan bereziki, eta Covid-19aren pandemiaren lehen zatian bederen, jendarteak zaintza-eragileenganako konfiantzaren inguruko balorazioan bizi izandako aldaketa iradokitzen du. Pandemiak adineko pertsonengan izan zuen inpaktu negatiboa aintzat hartuta, erakundeekiko konfiantza murriztu eta etorkizunarekiko ziurgabetasunak areagotu zituela ondoriozta daiteke. Ondorioz, azterlan honen bitartez erakusten da erakundeenganako dagoen konfiantza hobetzea zahartzaroko ongizatea sustatzeko elementu garrantzitsua dela. Laugarren azterlanean, kulturalki errotutako balioak, familiarekiko, lagunekiko, komunitatearenganako eta erakundeenganako dagoen konfiantzarekin lotuta daudela erakusten da. Hirugarren azterlanean bezala, datuak populazio orokorrera (n=174) zuzendutako galdetegiaren bitartez bildu ziren. Burututako mediazio analisiek iradokitzen dutenari helduz, balioen eta konfiantzaren arteko harremanean sinesmen soziokultural eta ideologikoek nola eragiten duten agerian uzten da. Emaitzek honakoa adierazten dute: batetik, familismoari lotutako sinesmenenen eragina kontserbaziora zuzendutako balioen eta familiarekiko dagoen konfiantzaren arteko harremanean; bigarrenik, self-aren eraikuntza independentearen eta autonomiari buruzko sinesmenen eragina aldaketarako irekierara zuzendutako balioen eta lagunenganako konfiantzaren arteko harremanean; hirugarrenik, komunitate zentzuaren eragina aldaketarako irekierara zuzendutako balioen eta komunitatearenganako konfiantzaren arteko harremanean; azkenik, berdintasun sozialarekin lotutako sinesmen ideologikoen eragina norbere promoziora zuzendutako balioen eta erakundeenganako konfiantzaren arteko harremanean. Zaintza testuinguruetako konfiantza eta ongizatea sustatzera zuzendutako estrategiei begira, konfiantzaren oinarri soziokulturalak zeintzuk diren identifikatzeko gako garrantzitsuak eskaintzen dira azterlan honetan. Ondorio orokorrei dagokionez, ikergaira hurbiltzeko ikuspegi teoriko berritzailea eskaintzearekin batera, menpekotasunaren eta zaintzaren ezagutza gizartean nola eraiki eta eraldatzen den ulertzeko proposamena luzatzen da tesi honen bitartez. Gizarte psikologiaren ikuspegi kognitibo eta indibidualistatik aldenduz, menpekotasunaren eta zaintzaren irudikapen soziala dialogikoki eta kolektiboki eraikitzen dela defendatzen da. Hartara, prozesu soziokulturalek eta self-bestearen arteko harremanek ezagutza prozesuetan duten lekua aitortzen da (Jovchelovitch, 2007; Marková, 2003; Voelklein and Howarth, 2005). Gainera, aktore nagusien ahots eta posizio ezberdinetatik abiatuta, zaintzaren inguruan gizartean bizi den larrialdiaz hausnartzeko eta eredu demokratikoago eta duinagoetan pentsatzeko aukera ematen da. Egungo zaintza-kultura eta antolamendu soziala aldatzeko giltzarri izan daitezkeen esku-hartze programa eta politikak garatzen lagundu dezakete doktorego tesi honetan landutakoek.