Erradioterapiako hipofrakzionamendu berria bularreko minbiziaren tratamenduan
Ikusi/ Ireki
Data
2023-09-13Egilea
Camarero Pagonabarraga, Magali
Laburpena
[EU] Sarrera: Estadio goiztiarreko bularreko minbizia tratatzeko, kirurgia bular kontserbatzailearen ostean bular osoko erradioterapia adjubantea erabiltzea oso onartuta dagoen tratamendu estandarra da, errekurrentzia lokalen arriskua murrizten duela ikusi baita. Honen harira, azken urteetan erradioterapiaren arloan eginiko aurrerapen teknikoek irradiazioaren zehaztasuna areagotzea lortu dute, gero eta erradioterapia eskema hipofrakzionatuagoak proposatu direlarik ikerketa desberdinetan. Gauzak horrela, 2020. urtean FAST-Forward ikerketak aste beteko erradioterapia hipofrakzionatua (26 Gy, 5.2 Gy-ko 5 frakziotan) ordura arte estandartzat hartzen zen 3 asteko erregimena bezain ona zela ondorioztatu zuen, eraginkortasun zein toxizitateari dagokionean.
Helburuak eta hipotesiak: Lan honen helburua Basurtuko Unibertsitate Ospitalean FAST-Forward ikerketan aztertutako erradioterapia hipofrakzionamendu berriarekin tratatu diren bularreko minbizi goiztiarraren kasuak aztertzea da, eraginkortasunari eta toxizitateari dagokionean emaitzak FAST-Forward ikerketako emaitzak bezain onak diren ikertzeko.
Material eta metodoak: 2020ko maiatzetik 2021eko apirilera bitartean estadio goiztiarreko bularreko minbizidun (pT1-3, pN0, M0) 60 urtetik gorako 20 paziente tratatu ziren hipofrakzionamendu eskema berriarekin kirurgia bular kontserbatzailearen ondoren. Hauen datuak Osabide Global programa erabiliz lortu dira.
Emaitzak eta eztabaida:. Tratamendua jaso eta gero batazbeste 11 hilabeteko jarraipena egin ostean, kasu batean ere ez zen alde bereko bularreko minbiziaren berragerpenik hauteman (%0), ezta bularreko minbiziagatiko heriotzarik ere (%0); FAST-Forward ikerketan, aldiz, berragerpen eta heriotza kasu gehiago deskribatu ziren, jarraipen denbora luzeagoa zela medio. Toxizitateari dagokionean, parte-hartzaileen %60-ak 1. graduko larruazaleko toxizitate akutua aurkeztu zuen eta %40-ak ez zuen inolako toxizitatetik jasan tratamenduak iraun bitartean edota bukatu osteko 4 asteetan zehar.; FAST-Forward ikerketak emaitza antzekoak aurkeztu zituen.
Ondorioak: Basurtuko Unibertsitate Ospitalean estadio goiztiarreko bularreko minbizi inbaditzailearen tratamenduan kirurgia bular kontserbatzailearen osteko erradioterapia osagarria behar duten emakumeetan, erradioterapia hipofrakzionatuaren eskema berria modu egokian ezarri da eta FAST-Forward ikerketako emaitza berdinak lortu dira; halaber, aztertutako ezaugarriak dituzten pazienteetan eskema berri hau erabiltzea gomendatzen da, eraginkortasunari eta segurtasunari dagokionean aurretik erabilitako hipofrakzionamendu estandarra bezain ona izateaz gain, pazientearentzat zein erradioterapia zerbitzuentzat abantaila ugari dituela frogatu delako. Hala ere, parte hartzaileen jarraipen luzeago bat eta ikerketa gehiago beharrezkoak dira, ondorio sendoak eta fidagarriagoak lortu ahal izateko eta eskema honen erabilera beste ezaugarri batzuk dauzkaten pazienteetan aztertzeko helburuz.