Lagundutako ugalketa-prozeduretan fase luteoa babestea. Administrazio-bide desberdinak alderatzea eta arrakasta-parametro iragarleak aztertzea
Laburpena
[EU] Ikerketa honetan IVF prozeduretan enbrioi bitrifikatuen transferentzia osteko fase luteoaren babeserako progesteronaren suplementazioa gauzatzeko 2 eredu desberdin konparatu dira, bide baginala eta larruazalpekoa. Horretarako, 60 paziente aztertu dira, adinaren araberako bloke bidezko aleatorizazio bidez 2 taldetan sailkatuta: erdia I. taldean, soilik bide baginaleko progesterona administratuta eta beste erdia II. taldean, bide baginaleko eta larruazalpeko progesterona administratuta. Kasu guztietan enbrioi (blastozistoa) bitrifikatu euploide bakarra transferitu eta transferentziaren aurreko PGT-A bidezko analisi genetikoa egin da, akats genetikoek eragindako sesgoak baztertzeko. Emaitzen arabera ez da bi ereduen arteko desberdintasun esanguratsurik aurkitu, ez ezarpen-tasari, ezta haurdunaldi ebolutiboen tasari dagokionez ere, bi ereduek antzeko eraginkortasuna adierazi baitute. Enbrioien ezarpenean eta haurdunaldi ebolutiboen garapenean eragina izan ditzaketen beste aldagai batzuk ere aztertu dira eta esanguratsua izan den bakarra haurdunaldi ebolutiboarekiko transferentziaren momentuko progesteronaren maila plasmatikoa izan da. Beraz, transferentziaren momentuko progesteronaren maila plasmatiko altuekin haurdunaldiaren eboluzioa hobea da. Hala ere, horrek ez du erlaziorik guk aztertutako transferentzia osteko suplementazioarekin, maila horiek aztertutako suplementazioaren administrazio aurrekoak direlako. Bestalde, esanguratsua izan da administrazio-bidearen arabera lortutako progesteronaren maila plasmatikoa, larruazalpeko bidetik maila altuagoak lortu baitira, horrek ezarpen eta haurdunaldi ebolutiboen tasekin eraginik erakutsi ez duen arren.