Itsasoko PET hondakinen balorizazioa: Metodo konbentzionaletatik birziklatze kimikora poliuretano berrien sintesirako
Data
2023-07-21Laburpena
Lan hau itsasoko poli(tereftalato etileno) hondakinen (PET-m) birziklapenean zentratzen da, hondakin kutsagarri honi bigarren bizitza bat eman ahal izateko. 1. Kapituluan sarrera eta 2. Kapituluan erabilitako material eta metodoen azalpena egiten da. 3. Kapituluan hainbat PET lagin aztertu dira, hala nola PET lehengai gordina eta post-kondentsatua, eta kontsumo osteko hiri-hondakinak eta itsasoko PET hondakinak. Degradazioaren eragina aztertzeko hondakinen karakterizazioa burutu da. 4. Kapituluan, itsasoko PET hondakinak balorizatzeko metodo konbentzionalenak erabili dira: birziklatze termo-mekanikoa eta aprobetxamendu energetikoa. Birziklatzean gerta litezken degradazioak ere aztertu dira. 5. Kapituluan, itsasoko PET hondakinen birziklatze kimikoa aztertu da, oso degradatua dagoen PETaren balorizazio alternatiba onena bezala, PET-m hondakinentzat. Birziklatze kimikoa proposatzeko, glikolisi erreakzioa erreaktore itxi batean optimizatu da, errendimendu handia lortuz erreakzio-denbora oso baxuan eta produktua karakterizatu da. 6. Kapituluan, biooinarritutako eta birziklatutako PU termoplastikoen sintesia egin da, eta, horretarako, makrodiol bioonarritu bat, 5. Kapituluan lortutako BHET birziklatua eta HDI erabili dira. Era berean, sintetizatutako TPUen karakterizazioa egin da, BHET komertziala erabiliz sintetizatutako TPUekin alderatuz. Azkenik, sintetizatutako TPUen birziklagarritasun termo-mekanikoa zein kimikoa aztertu da. 7. Kapituluan, biooinarritutako eta birziklatutako PU termoegonkorrak sintetizatu dira. Horretarako errizino-olio jatorriko poliol baten, BHET birziklatuaren eta pMDIren erlazio desberdinak erabili dira. Helburua osagai berriztagarri/birziklatuen ehuneko handi bat duten PU termoegonkorrak sintetizatzea izan da, itsasoko PET hondakinetatik lortutako BHET birziklatuari balio erantsia emanez. Era berean, sintetizatuko PU termoegonkorren karakterizazioa egin da, haien birziklagarritasun kimikoaren azterketarekin batera. 8. Kapituluan, tesi honen prozesu batzuen analisi kuantitatiboa egin da, bizi-zikloaren azterketa eginez. BHET berreskuratzeko itsasoko PET hondakinen birziklatze kimikoaren eragina aztertu da Gainera, 6. Kapituluan sintetizatutako TPUen inpaktuak aztertu dira, BHET komertzialarekin sintetizatutako TPUekin eta oinarri petrokimikoko TPU batekin alderatuz. 9. Kapituluan, orokorrak, lortu diren argitalpenak eta etorkizunerako proposatzen diren lan-ildoak aurkezten dira.