Hizkuntza-aniztasuna eta elebitasuna afasiaren ikerketan: 2010-2014 bitarteko artikulu zientifikoak aztergai
Fecha
2024-05-06Autor
Egia Zabala, Monike
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
[EUS] Afasiaren inguruko ikerketek hizkuntza-aniztasunean eta elebidunen ikerketan gabezia handia erakusten dute. Honek ondorio larriak ditu, alde batetik, afasiaren sintomak ezberdinak izan daitezkeelako hizkuntza batetik bestera, hau da, sintoma batzuk orokorrak badira ere, beste batzuk hizkuntza edo hizkuntza-taldeen araberakoak direlako. Bestalde, elebidunen kasuan, urraketa eta berreskuratze motak ezberdinak izan daitezke hizkuntza bakoitzean. Hori dela eta, ezinbestekoa da tipologikoki ezberdinak diren hizkuntzak aztertzea eta elebidunen/eleaniztunen hizkuntza guztiak aztertzea.
Afasia aztergai duten artikulu zientifikoen azterketak, aldiz, erakutsi du hizkuntza-aniztasuna eta elebitasuna ez direla beti islatzen. Beveridge eta Bak-ek (2011) 2000-2009ko lanak aztertuta egindako ikerketan, lanen % 62 ingeles hiztunei buruzkoa zen eta soilik % 3,96an aztertu ziren elebidunak. Mendia-ren (2022) lanean ere, antzeko emaitzak ageri ziren 2015-2019 bitarteko lanetan; ingeles hiztunen lanak % 64 eta elebidunenak % 4,5. Ikerlan honetan, 2010 eta 2014 bitarteko afasiaren inguruko artikuluak aztertu dira hizkuntza-aniztasuna eta elebitasuna nola islatzen diren ikusteko, Beveridge eta Baken (2011) eta Mendiaren (2022) lanei jarraituz. Horrela, azken bi hamarkadetako joera aztertu ahal izango da.
Helburu hori betetzeko, lan horien metodologia baliatuta Scopus datu basean, 2010-2014 urte bitartean Aphasiology, Brain and Language, Journal of Neurolinguistics eta Language, Cognition and Neuroscience aldizkarietan argitaratutako afasiaren inguruko lanak hautatu dira, eta guztira 146 artikuluko lagina lortu da. Azkenean, 114 izan dira elebidunen azterketaren berri ematen duten artikuluen lagina. Artikulu horietan, hizkuntza-aniztasuna eta elebitasuna aztertu dira, estatistika deskriptibo bidez.
Emaitza nagusiek erakutsi dute guztira 27 hizkuntza ageri direla artikuluetan, hau da, munduko hizkuntza-aniztasunaren % 0,38. Hauen artean, afasiadun ingelesen azterketak gailentzen dira (% 57,43), hizkuntza indoeuroparrenekin batera (% 86), eta elebidunenak, aldiz, oso urriak dira oraindik (% 10, 5). Honekin batera hizkuntza-arazoak ebaluatzeko eta hizkuntza-historia aztertzeko tresnak ere aztertu dira.
Beraz, aurreko literaturarekin bat eginez, ikerketak erakutsi du XXI. mendeko 2.hamarkadako afasiaren inguruko literatura ez dela munduko hizkuntzen adierazgarria. Hizkuntza hegemonikoak soilik kontuan hartzeko joera dago oraindik eta hizkuntza bakarra aztertzekoa eta horrek ebaluazio okerra ekar dezake, hizkuntza bakoitzean sintomak ezberdinak izan daitezke eta (Beveridge & Bak, 2011; Mendia, 2022). Elebitasunari dagokionez, aurreko literaturarekin konparatuz, ehunekoak gora egin duen arren, ez dirudi hori joera iraunkor baten adierazpide denik, hurrengo bost urteetan ehunekoak berriro ere behera egiten baitu. Ebaluazio tresnetan ikusi da ia ikerlan guztietan tresna estandarizatu bat erabili dela, nahiz eta hauek hizkuntza hegemonikoetarako prestatuak izan. Hain zuzen ere, profesionalen artean bi gabezia somatu dira: alde batetik, elebidunak ebaluatzeko prestakuntza falta eta bestetik, hizkuntza hegemonikoak ez diren hizkuntzetarako ebaluazio tresnen gabezia (Norvik et al., 2022).
Horrenbestez, lan honek erakutsi du 2000-2019 urte bitartean afasiadunen ebaluazioan joerak orokorrean berdin mantendu direla eta oraindik hainbat gabezia dituela. Ondorioz, aurrera begira komenigarria litzateke afasiaren ikerketak tipologikoki bestelakoak diren hizkuntzatara zabaltzea, elebitasuna kontuan hartzea eta hori ahalbidetzeko profesionalen gabeziak murrizteko asmoz, tresna estandarizatu gehiago garatzea halakorik ez duten hizkuntzetan.