Bronkiolitis akutuaren ondorioz ospitaleratutako bularreko haurretan fluxu altuko oxigenoterapiaren erabileraren inpaktua
Fecha
2024-07-29Autor
Aurrekoetxea Ugarte, Olazti
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
[EU] Bronkiolitis akutua mundu osoko bularreko haurrentzat osasun-karga garrantzitsuenetariko bat da lehen mailako arretan zein ospitalekoan. Honek asistentzia-eskakizun nabaria suposatzen du epidemia garaian, Larrialdietako Zerbitzuetan ospitaleratze-kopurua handituz. Ondorioz, bronkiolitisa inpaktu-ekonomiko zein osasun-inpaktu handienetariko patologia kontsideratu dezakegu. Gaixotasun honen planteamendu terapeutikoak eztabaida ekarri du azken urteotan. Bere tratamendua euskarri-tratamenduan oinarritzen da batez ere, eta arnas-euskarri neurrien artean, fluxu altuko oxigenoa da gaur egun gehien erabiltzen den tresnetariko bat. Nahiz eta bere eraginkortasuna frogatzen duen ebidentzia zientifikoa urria izan. Gure lan-hipotesia fluxu altuko oxigenoterapiaren erabilera egoki eta goiztiarrak praktika klinikoan aldaketa eragin dezakeela da, zainketa intentsiboetako unitate pediatrikoan (ZIUPen) sartzea saihestuz eta, era berean, gaixotasun honen tratamenduari dagokionez baliabideen erabilera hobetuz. Helburu nagusia fluxu altuko oxigenoterapia ezartzeak bronkiolitisagatik ospitaleratutako bularreko haurren maneiu terapeutikoan zer eragin izan duen aztertzea izan da. Horrez gain, ZIUPen sartzeko egon daitezkeen arrisku-faktoreak bilatu dira. Horretarako, behaketa deskriptiboan oinarritzen den ikerketa-lana egin da, bronkiolitis akutuaren ondorioz ospitaleratutako bi urtetik beherako haurren historia klinikoak berrikusiz. Datuak aztertu ondoren, zainketa intentsiboetako unitate pediatrikoko ospitaleratze-tasak ez du behera egin ospitalizazioko solairuan fluxu altuko oxigenoterapia ezarri ondoren, baina bai, ordea, unitate horretako egonaldia. Intubatutako pazienteen eta beharrezkoak ez diren tratamendu farmakologikoak erabiltzen dituzten edoskitzaileen kopuruak ere behera egin du. Ospitaleratutako paziente guztiak aztertu ondoren, kardiopatia, atelektasia eta kondentsazioa zainketa intentsiboetako unitate pediatrikoan sartzeko arrisku-faktore gisa kontsideratu ditzakegu, Metapneumobirusa eta anai-arrebak izatea ahaztu gabe.