Lekuzko adposizioak hizpide, etxetik fakultatera bidean
Fecha
2024-10-24Autor
Etxeberria Gonzalez, Jurgen
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
MAL honek lekuzko adposizioak aztertzea du helburu eta hiru ardatz nagusitan oinarritzen da. Lehenik eta behin, lekuzko adposizioen hierarkia aztertzeko, Nanosintaxiari dagokion azterbidea jorratzen dut (Svenonius 2004) eta euskararako, Etxepare (2013) eta Berro (2015) ditut oinarri. Nire proposamenean, Pantchevaren (2011) Bide Sintagmaren dekonposizio hipotesia, espazio harremanak zehazten dituzten euskarazko buru sintaktiko gehiagotara zabaltzen dut. Honela, oinarrizko inesibo (Lekua), adlatibo (Helburua) eta ablatiboa (Iturburua) azaltzeaz gain, MugaS, EskalaS eta ZeharS baliatuz, euskarazko muga adlatiboa, hurbiltze adlatiboa eta prosekutibo historikoa aztertzen ditut, hurrenez hurren. Bestalde, -ra arte eta non zehar egituretan, arte eta zehar Ardatz Zatiek Muga eta Zehar buruak lexikalizatzen dituzte, hurrenez hurren. Bigarrenik, sintaxira begira, lekuzko adposizioen estatus sintaktikoaz eztabaidatzen dut, izan ere, euskal gramatikan, argumentu eta adjuntuen arteko aurkakotasuna zehazteko irizpide nagusia aditz komunztadura izan da. Hala, ergatibo, datibo eta absolutibo kasuez markatzen ez diren sintagmak adjuntutzat hartu dira, tartean lekuzko adposizioak eurak. Nire hipotesiaren arabera, aldiz, lekuzko adposizio sintagmetako batzuek argumentu estatusa dute, komunztadura gorabehera, mugimendu eta transferentzia aditzen oinarrizko espazio harremanen informazioa zehazten baitute Lanean proposatzen dudanez, argumentu diren adposizioak aditz sintagmaren osagarri gunean sortzen dira perpaus iragangaitzetan (esaterako, Josu *(etxera) doa ezgramatikala da adposizioa isiltzean). Aldiz, ekarri eta eraman bezalako aditz iragankorretan, aditz sintagmaren espezifikatzaile gunean sortzen dira, absolutiboaz eta datiboaz haragoko argumentuak baitira –esaterako, Josuk (etxera) oparia darama gramatikala da–. Bestalde, espazio harremanen halako informaziorik zehazten ez duten postposizioak adjuntu hutsak direla deritzat eta beste aditz sintagma oskol baten espezifikatzaile gunean sortzen direla aldarrikatzen dut. Beste alde batetik, perpaus iragankorretan, Helburu eta Iturburu adposizioek, absolutiboarekiko hurrenkera asimetrikoa dutela erakusten dut. Dena den, asimetría horrek ez du zerikusirik biek aditzarekiko duten estatus sintaktikoarekin, aditzak Helburua lehenesteko duen joerarekin baizik. Hirugarren eta azkenik, Iturburuaren eta Helburuaren arteko asimetriaren gogoeta teorikoari oinarri esperimentala ere ematen diot, IbexFarm plataforman prestatu dudan esperimentu bati esker. Bertan, 28 parte hartzailek ekarri eta eraman gisako mugimendu aditz iragankorren perpaus bikoteak irakurri eta [Gaia-Adposizioa] eta [Adposizioa-Gaia] hurrenkeretatik bat lehenetsi behar izan dute. Bikote batzuetan, Helburuzko adposizioak aurkeztu zaizkie, beste batzuetan Iturburuzkoak. Emaitzek erakusten dutenez, Iturburuaren eta Helburuaren hautuek asimetria berresten dute, Helburua Gaiaren ondotik agertzen baita maiztasun handiarekin, eta ez, ordea, Iturburua.