Alemanezko perpaus erlatiboen euskaratzea eta gaztelaniaratzea: Der bewaffnete Freund obraren analisi sintaktiko eta semantikoa
View/ Open
Date
2020-05-20Author
Aldabe Erdozain, Jon
Metadata
Show full item recordAbstract
Gradu Amaierako lan honetan, Der bewaffnete Freund obra alemanaren euskarazko eta
gaztelaniazko itzulpenak baliatu ditugu perpaus erlatiboen baitako azterketa sintaktiko eta
semantikoa burutzeko. Itzultzaile berak, Edorta Mataukok, bi xede-hizkuntza ezberdinetan
erlatibazioaren inguruan nola jokatu duen ikusteko baliabide interesgarria da Raul Zelik-en
eleberria. Hala, alderdi teorikoan, hizkuntza bakoitzaren erlatibakuntzak dituen ezaugarri eta
forma ezberdinak ikusi ditugu, baita orain arte erlatibakuntzaren inguruan egin diren
ikerlanak ezagutu ere. Jarraian, alemanezko perpaus erlatibo atributibo eta jarraituak
abiapuntu izan dituen azterketa sintaktiko-semantikoan, ikusi dugu guk hautaturiko
corpusean euskaraz erlatibatzeko joera baxuagoa izan dela gaztelaniaz baino (% 71,2 vs.
89,9), eta, halere, ohiko karga erlatiboa duela, betiere erlatiboen itzulpenen inguruan
egindako bestelako lanekin alderatuta (Sancho, 2015). Bestalde, argi ikusi dugu euskarazko
ordain ez-erlatiboen artean parataxia gailendu dela, jatorrizko perpaus erlatibo asko,
alborakuntzaren bidez gehienbat, menderakuntzaren mailatik esaldi independenteen mailara
pasa dituelako. Gaztelaniaz, ordea, erlatibakuntzaren ezabaketa oso ohikoa izan ez den arren
(% 10,1), sinplifikatzea izan da ordain ez-erlatiboetan gailendu den teknika, perpaus erlatiboa
ISaren mailara pasatu delako maiz. Sintaxiari dagokion datu esanguratsua da itzultzaileak
ZEIN/NON erlatiboekiko ezkortasuna izan duela oro har, ez baititu maiz erabili, eta erlatibo
aposatuen erabilera ohikoa baino altuagoa izan dela, zeina ezaugarri estilistikoa den, hortaz.
Erlatibo aposatuak erabiltzeko hautua, noski, JTko ez-murrizgarriak itzultzeko estrategia da,
ondorioztatu baitugu gramatikari batzuk esaten dutenaren aurka, -N erlatibo arruntentatik eta
erlatibo jokatugabeetatik abiaturiko perpaus aposatuak erlatibo ez-murrizgarriak sortzeko
baliabidea direla; hortaz, ZEIN/NON/BAIT- erlatiboak ez dira perpaus ez-murrizgarri edo
esplikatiboak emateko modu bakarra. Ildo beretik, ikusi da, aditu batzuek esaten dutenaren
aurka, -N erlatibo arruntek ere balio ez-murrizgarria izan dezaketela izen ardatzaren
ezkerrean agertuagatik. Analisi semantikoa baliagarria izan da ikusteko irizpide sintaktikoformala
ez dela, ezein hizkuntzatan, murrizgarri/ez-murrizgarri bereizketaren inguruan azken
hitza duena, testuinguru komunikatiboa eta izen ardatzaren tasuna, baizik. Tesi horrek corpus
eta azterketa luze eta sakonagoa behar duen arren, eta azterketa semantikoa egiteko
metodologia sistematiko eta zorrotzagoa behar duen arren, hautatutako jatorrizko testuaren
itzulpen bikoitza aztertzeko balio izan du, eta beste lanetarako ere erabil liteke.