Iztuetaren hiztegiaren iturriak: Mogel eta beste
View/ Open
Date
2023-04-17Author
Larrañaga Plaza, Josu
Metadata
Show full item recordAbstract
Literatur gipuzkera eta literatur bizkaiera batak besteari bizkar emanda hazi diren
literatur euskalkitzat eman ohi badira ere, aspaldi sumatu dira literatur bizkaieraren
lorratzak XIX. mendeko gipuzkerazko idazle batzuetan, guztiz Zaldibiako “eskolakoen”
artean (Iztueta, Lardizabal, Jauregi...). Horren kasu dugu Juan Ignazio Iztueta, zeinari
buruz Aizkibelek zioenez (1860), Bizkai zaletasun amorratukoa izan zen idazlea dugu.
Hasiera batean, helburu nagusia 1847an argitaratua zegoen Iztuetaren Condaira-n
literatur bizkaierako (Urgell 2018: 655) idazleen eragina aurkitzea izan zen. Hala ere,
Condaira-n aurkitutako Mogelen Peru Abarka-ko hitz bat zela eta, helburu berri bat
ezarri nuen. Beraz, lan honen helburu nagusia, Juan Antonio Mogelek idatzitako Peru
Abarka liburuak izandako eragina neurtzea da, zehazkiago haren bukaerako
hiztegitxoarena, Juan Ignazio Iztuetaren Vocabulario de bascuence-n (1832).
Azpimarratzekoa da. Peru Abarka, nahiz eta 1802an idatzi, 1881era arte argitaratu ez
zenez, Iztuetak ugari egin ziren haren eskuizkribuetako bat erabili behar izan zuela,
oraingoz identifikatu ez dena.
Mitxelenak (1987) ere bazioen Iztuetak PAbVoc erabili zuela bere hiztegia
osatzeko, hala ere ikerketa egin gabe zegoen, eragina norainokoa eta nolakoa zen jakitera
heltzeko. Hauxe izan da nire egitekoa.
Orotariko Euskal Hiztegia-z eta Euskal Klasikoen Corpusa-z baliatu naiz,
Iztuetaren eta Mogelen hiztegien arteko kidetasunak aurkitzeko bai eta, erkaketa zuzenaz
ere. Honen bidez, ondorioztatu dut, Iztuetak PAbVoc ia osoki ustitatu zuela bere hiztegia
egiterako orduan, euskal hitzak eta haien erdal ordainak ez ezik, azalpenak, adibideak,
ideia ortografikoak, eta abar ere jaso zituelako. Hala ere, Iztuetak lana arineketan egin
bide zuen, akatsak edo gaizkiulertu nahiko aurkitu ditudalako, hala euskal formetan nola
erderazkoetan. Bidenabar aukera izan dut Izttuetaren hiztegiko iturri gehiago aurkitzeko,
hala lehendik ezagunak –Axular, Larramendi– nola ezezagunak –Arzadunen dotrina,
Añibarro, Otxandioko manuskritua, Juan Jose Mogel, etab.– zirenak..
PAbVoc-ez gainera Nom argitaratua ere (1802) Iztuetaren hiztegiarekin erkatu dut.
Zailagoa izan da Nom-en erabilera neurtzea, egitura bakunagoko hitz zerrenda izanik
helduleku gutxiago ematen dituelako, bertatik, eta ez beste inondik hartua dela
frogatzeko. Dena den, frogatutzat eman dut Iztuetak Nom-en erabilera egin zuela,
nagusiki bietan bakarrik lekukotu diren formetan oinarrituta.