Ikuspegi Soziokulturala Euskal Herriko Hezkuntzan. I. Hezkuntzaren gaineko berbaldiak
Abstract
Hezkuntzako lege berriek argia ikusiko duten une honetan, euskarazko irakaskuntzaren goi-beheak aztertzera gatoz, jatorria ezagutzeak, aurrera pausoak ematen laguntzen du eta. Eskuartean duzun liburu honetan, 2006-2007ko ikasturtean azaldutako lanak bildu ditugu. Bertan, “Hezkuntzaren gaineko berbaldiak” izenez, lehenengoz, antolatu diren Jardunaldietako ekarpenak azaltzen dira. Bestalde, behar den sakontasunera heltzeko, pedagogian nahiz bestelako zientzietan gaia ikuspegi desberdinetatik aztertzen ibili diren adituak eta ikerlariak bildu ditugu. Nazioarte mailako jardunaldi monografiko hau, Hezkuntzaren Gaineko Berbaldiak izenpean antolatu da ezen hezkuntzaren eta irakaskuntzaren inguruko hausnarketa egiteko unea dela uste baitugu, batez ere, etorkizun hurbilean izango ditugun erronkei begiratuz. Aldaketak hezkuntza sistema osoa ukitzen du, era batera edo bestera. Europatik datozen “aginduek” ere badute eragina gure plangintzetan, hala ikasleenean nola irakasleenean. Horregatik, garrantzizko deritzogu hezkuntzaren gainean berba egiteari.