Euskal ediziogintzaren hastapen ikerketak
Abstract
Argitalpen hau UPV/EHU Euskal Herriko Unibertsitateak lagunduriko «Euskal ediziogintzaren mundua: argitalpen eremuaren bilakaeraren ikerketa historikoa (xix-xx. mendeak)» (US 17/10) ikerketa-proiektuaren emaitzetako bat da. CSICeko katedradun Pura Fernandezek zuzentzen duen EDIRED —Editores y Editoriales Iberoamericanos (XIX-XXI)— nazioarteko egitasmo eta ikerketa sarearekin lankidetzan garatu dugu1. Era berean, proiektua Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) ikerketa talde egonkortuaren ikerketa-lerroetako bat izan da, IT 1047-16 (Eusko Jaurlaritza) eta FFI2017- 84342-P (MINECO) proiektuen baitan garatua.
Euskal ediziogintzaren mundua proiektua hutsune bat betetzeko eratu zen. Izan ere, euskal ediziogintza gutxitan izan da, gutxiegitan ez esatearren, azterkizun sakon eta sistemikoen jomuga. Literatura plazaratzen duten argitaletxeen industriari buruzko ikerketak, kultur sorkuntzaren ondasunaren eta ondarearen ikuspegitik garrantzitsuak izan arren, nekez bihurtu dira azterketa serioen erdigune, nahiz eta esanguratsuak diren euskal nazio-iruditegi sinbolikoaren eraikuntzan. Hori horrela, modu ez-sistematikoan, askotariko helburu eta ikuspuntu metodologikoz eginiko hurbilketak nagusitu dira orain arte euskal ediziogintzaren ikerketan.