Adaburuaren eta orbelaren euri interzepzioa haritzean (Quercus robur) eta intsinis pinuan (Pinus radiata)
View/ Open
Date
2015-06-05Author
Pla Azanza, Oihan
Metadata
Show full item recordAbstract
Zuhaitz adaburuaren interzepzioak oihanpera prezipitazio osoaren frakzio bat soilik pasatzea eragiten du, gainerakoa lurrunketaz galtzen baita. Oihanpera pasatzen den ur horren parte bat ere lurzoruko orbelak interzeptatzen du. Espezie arteko konparaketa bat egiteko asmoz, adaburuaren eta orbelaren euri interzepzioa neurtu zen haritzean (Quercus robur) eta pinuan (Pinus radiata), sei euriteetako datuak aintzat hartuz (hiru neguan eta beste hiru udaberrian, haritzak hostoak zituenean). Horrez gain, laborategian bi orbel moten ur-erretentzio ahalmen maximoa (S) neurtu zen. Adaburuaren interzepzioa % 37koa izan zen haritzean eta % 24koa pinuan. Haritzean interzepzioa handiagoa izan zen udaberrian neguan baino, pinuan berdina izan zen bitartean. Azken honetan Hosto Azalera Indizearen (Leaf Area Index, LAI) balio altuago batek interzepzio altuagoa eragin zuen, haritzean erlazio hori behatu ez zelarik neurturiko LAI balioak homogeneoegiak zirelako seguruenik. Orbelaren interzepzioak prezipitazio osoaren % 2,1 eta % 1,5 suposatu zuen haritzean eta pinuan hurrenez hurren. Orbelaren gain eroritako ur kantitatea (throughfall) handitzean, interzepzioa handitu zen, maximo batera heldu arte (2,5 mm kg-1 m2-koa haritzean eta 1,8 mm kg-1 m2-koa pinuan). Adaburu motak, berriz, ez zuen eragin esangarririk izan, haritz azpian, pinu azpian eta klaroetan orbelak antzeko interzepzioa aurkeztu zuelarik. Ur-erretentzio ahalmen maximoa haritzean handiagoa izan zen, 4,7 eta 5,6 mm kg-1 m2 artekoa pinuaren 2,8 eta 3,1 mm kg-1 m2 arteko balioen aurrean. Pinuaren balio horiek antzekoak izan ziren orbel geruzaren sakonera edozein zela ere, baina haritzean, orbel sakonera handiagoarekin balio baxuagoak lortu ziren. Bi espezieen artean behaturiko ezberdintasunek iradokitzen dute harizti naturalak pinu landaketez ordezkatzeak ziklo hidrologikoa aldaraz dezakeela.