dc.description.abstract | Sarrera: XX. mendetik hona, baldintza ekonomikoek, teknologikoek eta osasun arlokoek izandako aurrerapenek biztanleen bizi kalitatea hobetzea, bizi itxaropena luzatzea eta biztanleria zahartzea eragin dute. Horiekin batera, adinarekin lotura duten gaitzak areagotu dira, adibidez, dementzia. Europan dementzia ohikoena Alzheimerra da. Dementziak menpekotasun handia sortzen du eta inguruarengan ere eragiten du.
Helburuak: Alzheimerra duen pertsonaren beharrei erantzuteko eskaini beharreko zainketa integralak proposatzea. Hori lortzeko, gaixotasunaren patologia, zeinuak eta pertsonaren komunikazio arazoak deskribatzea; komunikatzeko estrategia eraginkorrak azaltzea; terapia ez farmakologikoen eraginkortasuna aztertzea; erizaintzako zainketa plan estandarizatua eta indibidualizatua garatzea.
Metodologia: alde batetik, berrikuspen narratiboa egin da eta bestetik, erizaintza prozesua aplikatuz, zainketa planak aurkeztu dira. Bilaketa bibliografikoa datu base eta web orri ezberdinetan egin da. Horietan DeCs eta MeSH deskriptoreak, iragazkiak eta aukeratze/baztertze irizpideak erabili dira. Liburuak eta NNNConsult online plataforma ere erabili dira.
Emaitzak: Alzheimer gaixotasunak eragiten dituen beharrei erantzuteko, zainketa plan estandarizatua eta indibidualizatua garatu dira. Horietan, bilaketa bibliografikoan aurkitu diren eta ebidentzia erakutsi duten neurriak txertatu dira.
Ondorioak: Alzheimerra duen pertsonaren osasun egoera baldintzatzen duten faktore psikikoak eta sozialak kontuan hartzea oso garrantzitsua da. Pertsonari arreta integrala, diziplina anitzekoa eta kalitatezkoa eman behar zaizkio. Zainketak indibidualizatu egin behar dira eta prozesua egonkortzera, auto-zainketa indartzera nahiz kalitatezko bizitza mantentzera bideratuko dira. Enpatiak, komunikazioak eta terapia ez farmakologikoek zainketa horiek hobetzen laguntzen dute. Erizainak, zaintzaile den aldetik, zeregin horietan rol garrantzitsua betetzen du.
Ekarpen pertsonala: Alzheimerra duen pertsona zaintzen dutenek maiz ezagutza eta formazio gehiago behar izaten dute gaixotasunaren nondik norakoei buruz. Hori dela eta, zainketa plan estandarizatu bat eskuragarri izatea garrantzitsua da, beti ere kontuan izanik zainketak indibidualizatu egin behar direla. Zaintzaileak formazio handia izan behar du pertsonari kalitate oneneko zainketa integralak eman ahal izateko. | es |