dc.description.abstract | Lan hau Joxean Artzeren Isturitzetik Tolosan barru estraineko liburuaren gaineko azterketa bat da, ekfrasiaren eta abangoardiaren ezaugarrietan oinarritua. Izan ere, poema-liburu hau ez da ohiko liburua, ez da liburu arrunta, ez da bat gehiago, behintzat. Lan artistiko oso moduan hartu behar da, bertsoez gain, hitzen formak eta liburuaren diseinuak ere pisuzko garrantzia dutelako sorkuntza lan honetan: tipografia, inprenta-lana, grafismoa, argazkiak, pinturak, musika... Ondorioz, arte adierazpen ezberdinak tartekatzen dituen artelan landua, sendoa eta konpletoa da, ez da poemen gordailu soila, “liburua objektu artistiko bezala” (Izagirre, 2000:7) har daiteke. Arte adierazpen horiek pintura, argazkigintza, eskultura eta musika dira, literaturaren osagarri. Literaturatik aparteko adierazpen artistikoak erabiltzeak, poemen dimentsioa handitzen du, semantikoki sendotasuna irabaziz. Aipaturiko adierazpen artistikoak ere jorratzeak, mezua sendotzen eta aberasten laguntzen duela esan dut, testuartekotasunaz baliatzeko bide berriak ere eskaintzen dituelako: EHko historiako pertsonaia garrantzitsuen argazkiak, Oteizaren eskulturgintzari keinu egiten dion hutsaren gaineko poema espaziala... Beraz, ekfrasiaren eta abangoardiaren ikuspegitik aberastasun eta ikergune oparoa eskaintzen du.
Lanaren hasieran, sarreraren ondoren, egilea aurkeztuko dut, datu biografikoak eta bere lanen berri emanez, orain arteko sorkuntza lanen aurkezpen txiki batekin. Segidan, liburuak argia ikusi zueneko garaia erakusten saiatuko naiz, hau da, testuingurua azaltzen. Testuinguruak garrantzia handia du, sorkuntzari oztopo handiak jartzen zitzaizkion garaia zelako, bai artistikoki, abangoardiak proposatzen zituen berrikuntzak garatzeko, bai ideologikoki, frankismoaren jazarpena saihesteko. Behin autorea eta testuingurua aurkeztu eta gero, lanaren mamira sartuko gara, ekfrasiaren eta abangoardiaren azalpen teorikoak emateko eta liburuan agertzen diren adibideak erakusteko. Atal honetako lehenengo zatian, ekfrasiaren definizioak (oinarrizkoenetik zabalago edo garatuagoetara) erakutsiko dira eta, ostean, liburuko ekfrasiaren azterketa eskainiko da; bigarrenean, berriz, abangoardiaren azalpena eta liburuan nabaritzen den eragina erakutsiko da, adibideekin lagundurik. Amaieran, ondorioak emango ditut: lanaren balio artistikoaz eta errebindikatiboaz, kritikaz eta lanaren oihartzunaz... Lanak eranskina dakar, ekfrasiaren eta abangoardiaren perspektibatik egindako azterketarako Isturitzetik Tolosan barru poema-liburuko adibide esanguratsuenak bilduz. | |