dc.description.abstract | 1876. urtetik aurrera, Bilboko itsasadarrak industrializazio prozesu azkarra bizi izan
zuen. Bertako baldintza egokiek, hala nola, erauzteko erraza zen burdin minerala izateak,
kostaldeko kokapenak, portu egokiak izateak, ikatza merke lortzeko aukerak edo
komunikabide sare egokia izateak, hasieran mearen ustiapenari lotutako industria sortzea
ekarri zuen. Honek era berean, burdingintza enpresak eratzeko aukerak eskaini zituen, eta
hauen inguruan metalgintza eta ontzigintza enpresak sortu ziren. Itsasadarra Kantauri
aldeko metropoli gune nagusia bihurtzeko oinarriak ezarri ziren horrela.
Industria hauen ezarpenak milaka langile erakarriko ditu, 1840tik aurrera hainbat
immigrazio olatu eraginez. Gehienak inguruko probintzietatik edo Bizkaitik bertatik heldu
ziren. Immigrazio hau izan zen hein handi batean zonaldean izandako demografia
hazkundearen arrazoi nagusia, XIX. mende bukaerarako itsasadarreko biztanle erdiak
kanpotarrak baitziren.
Etorritako gehienak 20-35 urte bitarteko gazteak izan ziren, oro har, bertakoek baino
alfabetatze maila handiagoa zutenak, eta hauexek ase zituzten industriak sortutako lanpostu
berriak. Bestelako sektoreetan arituko den populazioa oso txikia izango da, eta oro har,
bertakoak. Etorkinek garapenaren eta lan merkatuaren arabera aukeratu zituzten jomugako
herriak, itsasadarrak unitate bat osatzen zuen arren, bost azpi-zonalde bereizi behar baitira
barnean: Meatzaldea, itsasadarraren erdialdeko gunea, itsasadarraren bokalea, itsasadarraren
amaiera eta Bilbo hiriburua.
Immigranteen artean emakumeek kopuru handia suposatu zuten, nahiz eta ezarri zen
merkatua gizonezkoei bideratuta egon. Emakume askok familian emigratu zuten, gizonek
industrian lan egiten zuten bitartean etxeko lanez arduratzeko edo aldi bateko lanen bidez
soldata osagarri bat eskuratzeko. Izan ere, familia emigrazioa handia izan zen, batik bat bi
edo lau kidez osatutako familia nuklearrena, nahiz eta finkatu ostean hazteko joera izaten
zuten. Beste emakume askok neskame moduan emigratu zuten aberatsen etxeetara.
Beraz, 1840. eta 1935. urteen artean izandako prozesuak, ordura arte lehen
sektorean oinarritutako gizarte tradizionalean aldaketa handiak ekarri zituen: lan-egituraren
aldaketa, populazioaren hazkundea, immigrazioa, hiritartzea, proletarizazioa, bizi
baldintzen aldaketa eta abar. XX. mendeko Bizkaiko historia erabat baldintzatuko duen
gizarte berri bat sortuko da horrela. | |