dc.description.abstract | Garai erromanikoak artearen ezaugarri formalen bateratasuna zabaldu zuen
Europan. Erdi Aroko arte adierazpen
guztiak,
monasterio eta eliza kristauetan eman
zirenez,
erlijio kristauaren mezuak zabaltzeko helburuarekin sortu ziren.
Arte adierazpenak izan ziren Erdi Aroan ideiak helarazteko erabilitako baliabide
baliagarriena. Biztanleria gehiena eskolagabetua zen eta Jainkoaren hitza irakurri ezin
zuenez,
modu bisualean berenganatzeko aukera ematen zitzaion baliabide hauen bidez.
Gainera, elizen barnean meza
eta sermoiekin batera
mezu hau osatzen zen.
Erreforma Gregoriarraz geroztik bereziki, monasterioetako moralitatea modu
zorrotzagoan inposatu zen, eta arte adierazpenetan antzeman zen aldaketa hau.
Bertuteak momentu horretara arte zuten baino garrantzi gehiago hartu zuten. Erdi Aroan
bertutea zen Jainkora hurbiltzeko modu bakarra, eta beraz bekatuetatik aldentzea izan behar zuen gizakion helburu nagusia.
Elizako autoritateek bekatuen irudikapena eta hauen ondoriozko zigorren
irudikapenak erabili zituzten, bertuteen irudikapenak baino adierazgarriagoak zirelako,
eta bereziki fidelengan inpaktu handiagoa sortzen zutelako.
Beraz, elizetako harburu, kapitel eta atariak bekatuen irudikapenez eta hauen
ondoriozko arimaren zigorrez bete ziren. Hala ere, kontutan eduki behar da bekatu
batzuk besteak baino gehiagotan irudikatu zirela. Hau da lizunkeriaren bekatuaren
kasua.
Alde batetik, kastitatea erlijio kristauaren barnean garrantzi handia
du, eta
bestetik lizunkeria giza gorputzari eta jatorrizko bekatuari lotuta dago, eta beraz oso
ohikoa da
bekatu honetan erortzea, elizaren ikuspuntutik.
Eliza katolikoak
Hasieraren
liburuaren inguruan egindako interpretazioak
emakumeari atxikitzen zion jatorrizko bekatuaren pisu guztia eta beraz, lizunkeriaren
bekatua emakumezkoen bekatutzat hartzen da erlijio kristauan,
eta
gizonezkoa
emakumearen probokazioarengatik baino ez da
erortzen lizunkerian.
Lizunen irudikapen artistikoetan emakumezkoak irudikatzea izango da
ohikoena, eta emakume lizunaren irudi hau, Ama Birjinaren irudiari
kontrajarriko zaio.
Hiru ikonografia izango dira orokorrenak. Alde batetik “la femme aux serpents”
eredua, non biluzik eta ile soltearekin agertzen zaigun emakumea, sugeek bere
bularretan koska egiten dioten bitartean. Beste ikonografia oso zabaldua, organo
sexualak erakusten
dituzten bikote lizunena izango da, harburuetan agertuko den
ikonografia. Emakumezko eta gizonezko hauek modu desatseginean irudikatzen ziren
eta haien genitalak exageratzen
ziren
fidelek ongi antzeman zezaten. Azken ikonografia
sirenarena da, gehienetan
bi isatsekin irudikatua eta antzinarotik lizunkeriarekin lotzen dena.
Irudikapen hauetan Iberiar Penintsulako garai erromanikoan hainbat berezitasun
aurkitzen ditugu, lurralde hauetan suertatutako egoera sozio-politikoarekin lotuta daudenak. Islamiar inbasioak
kristautasuna eta erlijio islamiarraren arteko guda piztu zuen eta elizetako artea musulmanen aurkako propaganda egiteko erabili zen.
Eliza kristauaren nahia musulmanak bekatuekin erlazionatzea zen eta horregatik
bekatarien irudikapenak musulmanekin lotzen ziren ezaugarriekin irudikatuta daude.
Emakume musulmana, lizunen artetik lizunena izatera heldu zen pentsamendu
kristauan. Bekataria izateaz gain, infidela zen. Beraz, harburuetan agertzen diren
emakume lizunen irudikapen hauetako batzuk, emakume
musulmanen ezaugarria den
buru estalia dute. Horrekin loturik, zenbait kapiteletan sirena turbantedunak agertzen
dira.
Beraz, artearen erabilera elizaren esku egonda, bere mesedetan erabili zuten eta
Iberiar Penintsulako egoerara egokitu ziren arte eskultorikoko adierazpen hauek, ahaztu
gabe moralitate bertutetsuaren aldeko mezua dela adierazpen hauen azpian zegoena. | |