dc.description.abstract | Mutrikuko (Gipuzkoa) Saturraran hondartzara bertaratuz gero, ez genituzte imajinatu ere egingo han gertatutakoak, ez baitago 2007an ezarritako plaka batez gain, hango ankerkeriaren beste adierazgarririk edo lekukorik. Badirudi ezabatu egin nahi izan direla bertako oroitzapenak edota aztarnak, finean, bere historia lapurtu nahi izan zaiola. Baina eraitsitako eraikinek ere ez dute lortu ahaztea eta memoria, zorionez, (zatika) berreskuratu daiteke. Gaur egun, Saturrarango hondartzako aparkalekua dagoen lekuan, Saturrarango emakumezkoen espetxe nagusia izan zena osatzen zuten eraikinak zeuden. Kartzela hau 1938 eta 1944 urte bitartean egon zen martxan. Frankismo garaiko presondegi-unibertsoaren zati krudeletako bat izan zen hau. Hain zuzen ere, emakumezkoen espetxeei dagokienez, espainiar estatuko handienetakoa zen. Bertatik Espainia osoko lau mila emakume preso inguru pasatu zirela kalkulatzen da, hauetako batzuk beraien haurrekin bizi behar izan zituzten kartzela hartako egoera latz eta miseriak. Ezin dira aipatu gabe utzi, emakumeek emakume izate hutsagatik jasan zituzten zigor eta tratu txar espezifikoak. Lan honetan garai hartan arkitekturak berak eskaintzen zituen baliabideak, errepresioa oraindik ere gordinagoa izan zedin, aztertu eta ikusarazi nahi izan dira. Arkitektura tresna gisa ulertu da: jendarte zehatz bateko baloreak isladatu eta materializatzen ditu arkitekturak, ez da objektiboa. Tamalez, urteetan ikusezin bihurtu dituzte emakume hauek, baita beraien larruazalean bizitakoak ere, baina bertan preso egon zen Ana Moralesek esan bezala "no lloréis, lo que tenéis que hacer es no olvidarnos" eta gu ez gaude hauek ahazteko prest. Memoria historikoaren berreskurapenaren bidean urrats txiki bat besterik ez da Master Amaierako Lan hau. | es_ES |