dc.description.abstract | Marko teorikoa eta justifikazioa: Gaur egun, zainketa aringarrietako gaixoek jasaten dituzten zeinu eta sintomei aurre egiteko tratamendu mota ugari aurki daitezke. Alde batetik, tratamendu farmakologikoa erabil daiteke eta bestetik, tratamendu ez farmakologikoa. Azken honi dagokionez, metodo ugari hartzen ditu bere baitan eta musikoterapia horietako bat da. Terapia honek gaixoek pairatzen dituzten zeinu eta sintomen kontrolean lagundu dezake pertsonen ongizatea hobetuz.
Helburu orokorra: Zainketa aringarriak jasotzen dituzten pazienteen musikoterapia saioak aztertzea eta hauek gaixoen gain duten eragina aztertzea errebisio bibliografiko baten bitartez.
Metodologia: Bilaketak egiterakoan hitz gako esanguratsuenak “music therapy”, “music”, “palliative care”, “palliative medicine”, “terminally ill” eta “terminal care” izan dira. 2001-2017 urteetan ingelesez zein gazteleraz argitaratutako artikuluak barneratu dira. Bibliografia bilatzeko datu-basea hauek kontsultatu dira: Medline, EMBASE, PsycINFO, JBI eta CIHNAL. Era berean, esku-bilaketak burutzeaz gain artikuluen bibliografia aztertu da ikerlan gehiago eskuratzeko. Artikuluen full text eskuratzeko Google Schoolar baliabidea erabili izan da. Bilaketa horiei esker errebisio bibliografikoa burutzeko hemeretzi artikulu lortu dira.
Emaitzak eta eztabaida: Musikoterapia saioak aldakorrak dira ikerketa batetik bestera bai saioen iraupen eta maiztasunari dagokionez baita erabilitako teknikei dagokionez ere. Terapia honi esker onura ugari sumatu dira bai alderdi fisikoan bai psikologikoan, aipagarrienak antsietatea eta depresioa gutxitzea, erlaxatzea, ongizatea handitzea eta minaren intentsitatea jaistea direlarik. Aldaketa hauei esker pazienteen bizi-kalitatea hobetzen dela ondorioztatzen da. Pazienteek ez ezik, haien senideek ere terapiaren eraginak nabaritzen dituzte lasaitasuna, erlaxazioa eta humore aldaketa antzemanez. Gainera, terapia honekiko izandako esperientziaren ondorioz, egoera berdinean dauden beste paziente eta senideei gomendatzen diete.
Ondorioak: Interbentzio honek zainketa aringarrietako gaixoen zeinu eta sintomak zein bizi-kalitatea hobetzen dela ikusita, helburu hori lortzeko baliabide egokia izan daiteke. Musikoterapia saioak paziente bakoitzaren behar eta nahietara egokitu behar dira. Hortaz, terapia honen erabilpena gomendatzen da musikoterapiak pertsona hauei eman diezaiekeen onura guztiak modu alternatibo eta dinamiko batean lortzeko, eta nola ez, farmakoen erabilpena eta hauek eragin ditzaketen bigarren mailako ondorioak murrizteko. | es_ES |