dc.description.abstract | Euskaraz egin den lan honetan 1978an Iruñeko Sanferminetako gertakari lazgarrien historia eta horri buruz gaurdaino geratu den memoria aztertzen da. Egun odoltsuak izan ziren, Germán Rodríguezen heriotza eta beste hamaika zauritu eragin zituztenak. Herritarren artean izu sarkorra ere zabaldu zuten uneak izan ziren, orban luzea utzi zutenak. Honen guztiaren ulerpena errazte aldera, garaiko testuingurua eta aurrekariak aztertuko dira. Ondoren, egun haietan jazotakoaren nondik norakoak deskribatuko dira. Jarraian, pairatutakoaren sakoneko eragileen interpretazio saiakera bat burutuko da, analizatzeko egon daitezkeen modu desberdinen aurrean ikuspegi orokor bat izan eta gibeletan edo gerizpean egon litezkeen alor ilunak argitzeko. Horrela, agerian utziko da Nafarroako Trantsizioaren une goren moduan bete zuen papera eta etorkizunera begira izandako inportantzia. Behin hau guztia azaldua, mnemohistoriaren azalpenari ekingo zaio. Gogoan izatekoa da hau izango dela lanaren zatirik mamitsu eta sakonena, hedadura zein eduki aldetik. Ibilbide honetan, gertatutako horren inguruan hamarkadetan zehar eta urtez urte eraikitako memoriaren garapena izango da hizpide. Egondako joera desberdinen erantzule eta ondorioen inguruan solas egingo da. Egiteko hau errazte aldera, izandako inflexio uneak eta haietatik harturiko norabide eta zapaldutako lur berriak azalduko dira. Era berean, hurrengo orrietan barrena zehar-lerro batzuk garatuko dira. Horietako bi gertatutakoak epaitegietan izandako ibilbidea eta instituzioekin izandako jarrera izango dira. Beste ildo batzuen inguruan ere hitz egingo da, hezkuntza eta kulturan emandako pausuez kasu, baita bestelako mugimendu desberdinekin izandako erlazioez ere. Horiez gain, honen inguruan egindako dokumental edo bestelakoetan izan duen trataera mintzagai izango da. Ikusgai izango den legez, biziki emankorrak, anitzak eta aberatsak izan diren hauek guztiak dinamika orokorrekin elkarreragin estuan daude, modu batean edo bestean elkar elikatzen baitute. Honen ondorioz, batzuen nahiz besteen gorabeherek eragin nabaria izango dute hurkoarengan. Honekin guztiarekin bukatzeko, memoria honek gaur egunera arteko ibilbidea burutzeko emandako urratsak aurkeztuko dira. Zer iritsi den eta ailegatutako hori nola mantentzen den aipatuko da. Azkenik, honen guztiaren amaiera gogoeta pertsonal baten plazaratzearekin borobilduko da. | es_ES |