Literatur itzulpena: Daniel Handlerren The Grim Grotto gazte-literaturako eleberriaren euskararako itzulpena
Date
2017-11-23Author
Alonso Abajo, Jon
Metadata
Show full item recordAbstract
Itzulpen-lan honek bi ardatz nagusi ditu: lehenik eta behin, Daniel Handler izeneko autore kaliforniarrak ingelesez idatzitako gazte-literaturako eleberri baten pasarte bat euskarara itzultzea izango da gure lehendabiziko helburua; bigarren ardatza, aldiz, pasarte horren itzulpen-prozesua bera xehe-xehe aztertzea izango da, eta, batez ere, itzulpenean zehar izandako arazo nagusiei aurre egiteko erabili diren konponbideei eta estrategiei buruzko informazio zehatza emango da. Modu horretan, eta kontuan izanda hautatutako pasarteak itzulpenari begira arazoak sor ditzaketen hainbat alderdi linguistiko biltzen dituela (besteak beste, hitz jokoak, sintaxi korapilatsua, itzuli beharreko antroponimo eta toponimo bereziak…), itzulpen efiziente eta egoki bat egiten saiatuko gara itzulpen-prozesu osoan zehar, aipatutako arazoei konponbidea emateko estrategia ugariak eta egokiak biltzen dituena.
Gauzak horrela, gure itzulpen-lanak honako egitura hau izango du aurretik aditzera emandako bi helburuak betetzeko: sarrera batekin emango diogu hasiera gure lanari, eta, ondoren, autoreari eta eleberriari buruzko daturik esanguratsuenak emateari ekingo diogu. Lehenengo eta behin, autorearen bizitzari eta berak idatzitako lanei buruzko informazioa emango dugu; bigarrenik, eleberriari helduko diogu, eta, besteak beste, argumentu orokorraz eta autorearen estiloaz arituko gara.
Lanaren hirugarren pausoa pasartearen euskararako itzulpena eskaintzea izango da, bai eta itzulpena egiteko erabili ditugun baliabideen zerrenda laburra ere. Hurrengo puntuan itzulpen-prozesuari helduko diogu. Hain zuzen ere, lexikoa eta morfosintaxia izango dira bereziki aztertuko ditugun bi aspektuak, eta lexikoaren barruan, hona hemen landuko diren arazoak eta arazo horiei emandako konponbideak: onomastikaren itzulpena (antroponimo eta toponimo deskriptiboen itzulpena, zehatzago izateko), kultur erreferentzien itzulpena, pasartean zehar presente dagoen hitz joko fonetikoei lotutako kasu berezi bat eta jatorrizko testuan erabiltzen diren esaera zein irain berezi baten itzulpen-prozesua. Morfosintaxiari dagokion atalaren barruan, aldiz, sintaxi korapilatsua eta esaldien naturaltasuna izango ditugu aztergai. Aipatzekoa da hainbat adituren lanetan oinarritu garela itzulpen-prozesuaren azterketa sakon hori lantzeko.
Bukatzeko, lan honetatik atera ditugun ondorio nagusiez arituko gara, eta bukaeran lana aurrera eramateko erabili ditugun erreferentzia bibliografikoak aurkeztuko ditugu. Kontuan hartzekoa da itzuli dugun pasartearen jatorrizko bertsioa gehitu dugula eranskin gisa lan honen bukaeran.
HIZKUNTZA: euskara