dc.description.abstract | Esparru kontzeptuala eta justifikazioa: Diabetes Mellitusaren konplikazio gisa neuropatia periferikoa jasaten duten %15ek bere bizitzan zehar oin diabetikoaren sindromea jasan ohi dute. Sindrome honek, eta oro har, zauri kronikoek, osasun arazo larriak eragiten dituzte, bai
pazientearengan, zein osasun sisteman, osasun profesionalentzat erronka handienetariko bat
suposatzen duten interbentzioak izanik. Ultzera baskularren prebalentzia altua, sendatze
geldoa, gastu ekonomikoak eta bizi kalitatean eragiten duten kalteak kontuan hartuz, maneiu
goiztiarra beharrezkoa da. Hori dela eta, azken hamarkadan, presio negatibo bidezko
terapiaren aplikazioa nabarmen hazi da. Terapia ez erasokor honen helburua, ultzeraren
gainean presio atmosferikoaren azpitik dauden balioak aplikatzean datza, zaurian egon
daitezkeen likidoen gehiegizko jariakinak kanporatzeko, edema gutxitzeko, eta horrela,
zauriaren perfusioa hobetu eta bakterien kolonizazioa murrizteko.
Helburu orokorra: Presio negatibo bidezko terapiaren eraginkortasuna aztertzea, oin
diabetikoaren ultzerak pairatzen dituzten pertsonengan.
Metodologia: Artikulu bibliografikoak lortzeko, datu base hauek kontsultatu dira: Medline,
Cuiden, Cochrane, Embase eta Cinahl. Horrez gain, eskuzko bilaketak ere burutu dira,
horretarako Wound Repair and Regeneration eta European Journal of Vascular Endovascular
Surgery aldizkariak eta praktika klinikorako gidak RNAO, NICE eta Guia Salud kontsultatuz.
Ikerlan gehiago lortzeko helburuarekin, lortutako artikuluen bibliografia ere landu da. Artikuluen
aukeraketa egiterako orduan, 2007. urtetik gaur egun arte argitaratutako lanak hautatu dira eta
hizkuntzari dagokionez, gaztelaniaz eta ingelesez idatzitakoak. Azkenik, guztira, 23 artikulu
aukeratu dira, horietatik 13 ikerketa kuantitatibo analitikoak dira, 3 ikerketa kuantitatibo
deskriptiboak, 2 meta analisiak, 3 errebisio bibliografikoak eta 2 errebisio sistematikoak.
Emaitzak eta eztabaida: Oin diabetikoaren ultzeraren sendatze prozesuaren barnean landu
diren zauriaren azaleraren murrizketan, ehun granulatuaren garapenean eta epitelizazioan
presio negatibo bidezko terapia eraginkorra dela ikusi da. Pazienteen bizi kalitateari dagokionez
ere, onura ugari dituela ikusi da, ultzeren bigarren mailako ondorioak murrizten baititu. Arlo
ekonomikoari erreparatuz, orokorrean terapia honen bitartez tratatzen diren ultzeren kasuan
sendaketak burutzeko denbora tartea luzeagoa denez eta orbaintze osoaren denbora
laburragoa, terapia hau merkeago dela frogatu da. Amaitzeko, terapiak eragin ditzakeen
bigarren mailako ondorioen inguruan ikertutakoaren arabera, orokorrean albo-ondorioak arinak
direla ikusi da, terapiarekin aurrera jarraitzea baimentzen duten ondorioak izanik.
Ondorioak eta inplikazioak: Presio negatibo bidezko terapiaren eraginkortasuna landutako
artikulu gehienetan frogatu den arren, osasun zerbitzu ezberdinetan ezartzeko beharrari
erreparatuz eta osasun profesional eta bereziki erizainen autonomia mailari dagokionez, landu,
sakondu eta hobetu beharreko zenbait puntu daudela ikusi da. | eus |