dc.description.abstract | Esparru kontzeptuala eta justifikazioa: Gaur egun, gutxienez sei gizonetatik batek prostata-minbizia pairatuko du. Tratamendu aukeren barnean, minbizi lokalizatuak tratatzeko prostatektomia erradikala gailentzen da. Kirurgia honek disfuntzio sexuala eta gernu-inkontinentzia ditu albo-ondorio nagusitzat. Asaldura hauek ondorio biopsikosozial latzak sortarazten dituzte, paziente zein bikotekidearen bizi-kalitatean narriadura eraginez. Egoera honen aurrean, erizainek berebiziko garrantzia dute paziente zein bikotekidearekin sexualitatea lantzeko eta aurre-egite estrategiak garatzen laguntzeko, kalitatezko arreta integrala bermatuz.
Helburua: Prostata-minbiziaren ondoriozko prostatektomia erradikalak gizonezkoen sexualitatean sortarazten dituen ondorioak identifikatu eta hauen aurrean erizainak duen esku-hartzea aztertu.
Metodologia: 2010 eta 2017 urte bitartean argitaratutako dokumentuak erabili dira literaturaren berrikusketa bibliografikoa burutzeko. Bilaketa gaztelaniaz eta ingelesez idatzitako artikuluetara mugatu da. Kontsultatutako datu-baseak PubMed, CINAHL, Cuiden eta Cochrane izan dira. Datu-baseetaz gain, eskuzko bilaketa eraginkorrak ere burutu dira The Journal of Urology eta The National Institute for Health and Care Excellence (NICE) aldizkarietan.
Emaitzak eta eztabaida: Prostataren erauzketak, disfuntzio sexuala eta klimaturiaren eraginez, ondorio psikoemozional anitz eragiten ditu norbanakoarengan, gorputz-irudian zein gizontasunaren identitatean asaldurak sortaraziz. Ondorioz, sexualitateren narriadura nabarmentzen da, bikotekidearengan ere eragin ezkorra duena. Moldatze-prozesu honetan, familiaren euskarriaz gain, erizainek balioztatutako aurre-egite estrategiak ezartzean funtsezko rola dute, gizonezko eta bikotekidearekin enpatia eta segurtasunezko harremana sortzeko ahaleginak eginez.
Ondorioak: Prostatektomia erradikalak gizonengan eragin bortitz izugarria sortarazten du, sexualitatean aldaketak azaleratuz eta bikotekidearengan ere ondorio ezkorrak ageriz. Honen aurrean, erizainak oinarrizko rola betetzen du aurre-egite prozesua errazteko eraginkorrak ebidentziatu diren interbentzioen bitartez (informazioa, hezkuntza eta terapia). Hala ere, oraindik osasun-profesionalen aldeko hezkuntza falta dagoenez, landu beharreko arloa da. | es_ES |