Euskarazko perpaus erlatiboen joskera, jostailu zaharrentzat poltsa berriak ehuntzen
View/ Open
Date
2019Author
Gutierrez Ziardegi, Eider
Metadata
Show full item recordAbstract
Perpaus erlatiboak (PE) izen bat modifikatzen duten mendeko perpausak
dira. Hizkuntzaz hizkuntza erlatibakuntza modu ezberdinetara egiten da, eta
hizkuntza bat eta berak erlatibakuntza modu ezberdinak izan ditzake.
Erlatibakuntza gertakari sintaktiko bakuna izan daiteke edo bestelako gertakari
orokorragoen ondorio, baina ezagutzen diren hizkuntza guztiek erlatibo
perpausak dituztenez, erlatibo perpausak gramatika unibertsalaren parte direla
esan dezakegu, elementu atomikoak zein eratorriak izan.
Euskaraz hainbat erlatibakuntza modu daude. Lan honetan guztiak
deskribatzen saiatuko naizen arren, bereziki literaturan Perpaus Erlatibo Arrunta
(PEA) deitu izan zaienen ezaugarri eta sintaxian zentratuko naiz.
(0) Perpaus erlatibo arrunta:
[ PE liburua irakurri dudan] liburuak irabazi du Kritika Saria.
Horretarako, PE mota hauen berezitasunak aurkeztuko ditut eta planteatu
diren azterbideek berezitasun hauek argitu ahal dituzten aztertuko dut. Ikusiko
dugunez, guztiek uzten dute ezaugarriren bat edo beste azaldu gabe. Hori dela
eta, proposamen berri bat ekarriko dut hona, datu gehienak azalduko
dituelakoan.
Nagusiki bi dira erlatiboak aztertzeko egin diren proposamenak:
Operatzaile isilaren bidezkoa eta Igoera analisia. Euskarazko perpaus
erlatiboen analisirik ezagunena, seguru asko, operatzaile bidezko analisia da
(Ortiz de Urbina 1989). Azterbide honetan, euskarazko PEA-ak hizkuntza
indoeuroparren izen osteko PE-en antzera eratzen direla defendatzen da:
izenordain erlatibo bat (operatzailea) NZ mugimendu bidez PEaren hasierara
mugituz. Ikusiko dugunez, azterbide honek hainbat arazo ditu euskarazko
datuak azaltzeko, hala nola, bihurkarien zilegiztatzea eta zenbatzaileen
besarkadura.
Igoera bidezko analisiari dagokionez, Kaynek (1994), Vergnauden (1974)
ideietatik abiatuz eta antisimetriaren bidetik, perpaus erlatiboak erlatibizatutako
izenaren igoera bidez eratzen direla planteatu zuen, eta izen aurreko eta izen
osteko PEak ezberdin eratzen direla defendatu zuen. Azterbide honetan
operatzaile bidezko analisiak azaldu ezin dituen hainbat gertakarik azalpena
izan dezakete. Alabaina, azalpen berriekin batera, arazo berriak sortzen direla
ikusiko dugu. Horregatik, antisimetria jarraituko ez duen igoera analisi bat
proposatuko dut, bi azterbideek azalarazi dituzten arazo batzuei erantzuna
emateko asmoz.