Halliwick kontzeptuaren efektuak fisioterapian tratatzen diren patologien gaitasun fisiko funtzionaletan: Errebisio sistematikoa
Abstract
[EUS] Tesguingurua: Hidroterapia errehabilitazio neuromuskularrean eta muskulueskeletikoan erabiltzen da. Halliwick kontzeptua hidroterapiako metodo bat da, hidrodinamikaren eta gorputz mekanikaren printzipioetan oinarritzen dena.
Helburua: Errebisio sistematiko baten bidez Halliwick kontzeptuak fisioterapian lantzen diren patologien gaitasun fisiko funtzionaletan eragiten dituen efektuak ezagutzea.
Material eta metodoak: 2019ko urtarrilean bilaketa bibliografikoa burutu zen Pubmed, PEDro, Science Direct eta Scopus datu baseetan “Halliwick” gako-hitza erabiliz. Barneratze irizpide bezala, gazteleraz edota ingelesez idatzitako artikuluak onartu ziren, 2003tik aurrerakoak izan behar ziren eta Halliwick kontzeptua errehabilitazio gisa erabiltzen zuten interbentzio ikerketak izan behar ziren. Kanporatuak izan ziren fisioterapiaren bidez lantzen ez ziren patologietan oinarritutako artikuluak, gaitasun fisiko funtzionala aztertzen ez zutenak eta pertsona bakarreko kasu klinikoak. Ikerketen kalitate metodologikoa ebaluatzeko PEDro eskala erabili zen.
Emaitzak: 6 artikuluk barneratze irizpideak bete zituzten eta kalitate metodologikoa 2.6 puntukoa izan zen. Guztira, artikuluetan 107 pertsona barneratu ziren, helduak eta umeak. Artikuluetan ebaluaketa gisa parametro desberdinak neurtu ziren eta Halliwick kontzeptua modu desberdinetan aplikatu zen. Zehazki, ikerketa guztiak kontutan hartuta, metodoa aplikatutako gutxieneko saio kopurua 6 izan zen eta gehienekoa 30 saiokoa. Ikerketetan, metodoa 20-45 minutu artean aplikatu zen eta erabilitako ur tenperaturak 29-36ºC artekoak izan ziren. Metodoa aplikatu ondoren, beheko gorputz adarraren oreka, martxa, karga gaitasuna, indar muskularra, mugikortasuna, funtzionaltasuna eta funtzio motor lodia hobetu ziren era adierazgarri batean.
Ondorioak: Errebisio sistematiko honen arabera, Halliwick kontzeptua patologia neurologikoen errehabilitazioan eraginkorra dela ikusi da eta beheko gorputz adarraren gaitasun fisikoak hobetzeko aplikatu daiteke.