GAL-ak: Sorrera eta GAL Urdinaren antolaketa
Fecha
2020-05-22Autor
Quintana Piñeiro, Jon
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Lan honek 1983tik 1987ra Espainian sortutako Gerra Zikinaren organizazio militarrak
ikertuko ditu, Grupos Antiterroristas de Liberación (GAL) izena zutenak. Taldearen
handitasuna dela eta, ez dira horren ezaugarri guztiak azalduko, hots, lan honetan
bakarrik GAL osoen kanpoko azala landuko da. Horretarako, bakarrik, sorrera eta GAL
Urdinaren, GAL-en azpitalde famatuenaren, antolamendua azalduko dira. Izan ere,
helburua ez da GAL guztiak azaltzea, zer ziren eta zergatik sortu zirenaren ideia hartzea
baizik, hots, gaiari nolabaiteko sarrera bat ematea. Gai hau lantzearen zergatia GAL-en
inguruan dagoen historiografia txikia da. Urte askotan zehar ETA-ren inguruan
historiografia luze eta sakona osatu den bitartean, Gerra Zikinaren inguruan garatu dena
oso murritza da. Horietatik asko 70. hamarkadakoaren ingurukoak dira eta GAL-ak, 80.
hamarkadakoa direnak, gainetik lantzen dira, soilik. Hala ere, azpimarratu behar da,
gutxi badira ere, batzuek sakondu egin dutela eta horietan oinarritu naiz lana aurrera
eramateko. Gehienak 80. hamarkadatik aurrera kazetariek burututako lanak dira, GALen
trama ezagutzera eman zutenak, eta, bestalde, organizazioan parte hartutako
protagonisten memoriak ere erabili dira. Sorrera ulertzeko, 1982ko egoera kontuan
hartu behar da. ETA-ren ekintza armatu bortitzaren aurrean PSOE-ko gobernu berriak
erantzun bat eman behar zuen, bere eskura zituen baliabide demokratikoak erabiliz,
terrorismoarekin amaitzeko. Hala ere, borroka horretan herrena zegoen, izan ere, ETAren
base nagusia Frantzian zegoelako eta Miterrand-eko Frantziak ez zuelako
laguntzarik eskaintzen. Muturrezko egoera honen aurrean, Espainiako gobernuko kide
batzuek frankismotik jarauntsitako polizien garbiketa ezaz baliaturik, Gerra Zikinari
hasiera eman zioten, GAL-ak sortuz (1983). Hiru sektore nagusi sortu ziren, estatuak
finantziaturik: Marroia –CESID–, Berdea –Guardia Zibila– eta Urdina –Polizia
Nazionala–. GAL Urdinari dagokionez, esan behar da honen egituraketa José Amedo
Fouce-ren, Bilboko Informazio Brigadako komisariordearen, inguruan antolatu zela.
Honek, laguntzaile zein Estatuaren diruaz baliaturik, mertzenarioak kontratatzen zituen,
Pirinio Atlantikoetako departamentuko euskal lurraldeetatik izua hedatuz. 1987an eta 27
hildako ondoren, GAL-ek armak utzi zituzten, helburu nagusia, Frantziaren
kolaborazioa, lortu zutelarik.