dc.description.abstract | Helburu politikoa egiten du bere Kritika Feminista garaikideak, gizartean eta beronen irudikapen kulturaletan indarrean diharduten estereotipo eta ikuspuntu sexista heteropatriarkalak salatu eta iraultzea bilatzen baitu. Helburu politiko horrekin abiatu gara geu ere ikerlan honetan, literatur kritika garaikideak eskura jartzen dizkigun tresnez baliatuz, eta honako galderei erantzuten ahalegindu gara: nolakoa da protagonista femeninoaren karakterizazioa XXI.mendeko ipuingintzan? Eta zeri erantzuten dio? Horrekin batera, bigarren helburu gisara, euskal literatur kritika feministak, bereziki Gema Lasarteren doktorego tesiak (2012), idazketa femeninoaren ezaugarriez esandakoak berresten/gezurtatzen ahalegindu gara, kontuan hartuta Lasarteren aztergaia eleberria izan dela, eta gurea, ordea ipuingintza. Helburu horiekin, irizpide zenbaitez mugatutako hiru ipuin-liburu barnebildu dira corpusean, eta lanean analizatu: Uxue Alberdiren Aulki bat elurretan (2006); Katixa Agirreren Habitat (2009) eta Eider Rodriguezen Katu-jendea (2010). Nahiz eta lanaren hastapeneko helburua beste bat izan dugun, hots corpus zabalago bateko idazle gizonezko zein emakumezkoen ipuin-liburuetako emakumearen karakterizazioa zertan den aztertzea (datu gehiagorako ikus eranskina), Lasarteren lanarekin (2012) konparaketa egiteko asmoz, irizpidea zurrundu eta emakumezkoenak soilik hartu dira, aipatutako hirurak, hain zuzen, guztira hamazortzi ipuinek osaturik analisia. Hauen analisi narratologikoaren bitartez emaitza interesgarriak begitandu zaizkigu: batetik, ikusi da era honetara mintzatu direla aztergai izan diren protagonista femeninoak: % 33k modus autobiografikoa darabilte; amatasunetik % 17k eraikitzen dute diskurtsoa; kairos denbora ardatz dutenak % 22 ditugu eta azkenik barneespazioetan lekukotzen direnak % 72. Bestetik erakutsi zaigu Lasartek (2012) eleberrietan aurkitu dituen ezaugarriak ez direla neurri berean aurkitu ipuingintzan, generoen arteko aldeak, eta bakoitzaren baliabideak ezberdinak direla iradokiz. Halaber, lanak emaitza zehatz horiek erakutsi ez ezik, zenbait oztopo ere egon litezkeela konturarazi digu, ondorioetan bildu dugun bezala, gure analisian generoa bera izanik muga nabarmenena. Lan honek, gaiaren inguruan hausnartzeko aukera eman digu, bai eta zenbait datuk adierazi dutena berresteko ere; baina, guztiaren gainetik esan dezagun ikasketa bat izan dela guretzat, ikerketa baten nondik norakoak lehen pertsonan zeintzuk diren eta hauek praktikan jartzeko parada izan baitugu. | es_ES |