dc.description.abstract | Gasteiz Hiriak azkenengo urteetan bizi izan duen eraldaketa eta Alde Zaharreko auzoaren morfologiak ezartzen dituen baldintzak medio, gaur egun, Gasteizko Alde Zaharrak hainbat arazo ditu auzotarren iritziz: bazterketa soziala, espazio publiko eta berde gutxi eta, ostalaritzaren gehiegizko presentzia, besteak beste. Horrela, 2017. urtean “Haurren Auzoa” egitasmoa sortzen da, auzoan dagoen espazio libreen eskasia eta trafiko trinkoaren inguruko arazoak konpondu nahian, bai eta haurrentzat egokiak diren eremuak sortu eta hauen autonomia sustatzeko ere.
Horretarako, Francesco Tonucci italiarraren “Haurren Hiriaren” inguruko ideietan oinarritu ziren. Tonucci, haurtzaroaren geografiaren eta hirigintza parte-hartzailearen sustatzaileetako bat da nahiz eta geografoa ez izan. Hirigintza mota honek haurrengan jartzen du arreta, gizartearen talde ahulenen ordezkaritzat hartuta. Izan ere, Hiri Geografiaren hainbat arlotatik salatzen den moduan, hiri espazioa heldu produktiboaren inguruan antolatu da, beste kolektiboen behar eta iritziak alboratuz. Haurren beharrak errespetatzen dituen espazioak, denon beharrak errespetatzen ditu Tonucciren esanetan.
Lan honetan, ikuspuntu hori zehazten duen Gasteizko Alde Zaharreko egitasmoa aztertzen da. Zeren, hirigintza parte-hartzailearen eta inklusiboaren adibide bat aztertzea du helburu, bai eta mota honetako egitasmoen inguruko balorazioa, bizipenak eta faseak ezagutzea ere. Nola sortu zen egitasmoa, nola parte-hartu zuten auzoko eragile eta elkarte ezberdinek, nola jaso ziren haurren behar eta iritziak eta nola lortu zen Udalaren aurrekontu parte-hartzaileen artean aukeratu izatea azaltzen da. Horrez gain, azkenengo proposamena aztertzen da eta prozesuaren argi eta ilunak baloratzen dira. Horretarako, hiru elkarrizketa egin dira: hots, Gasteizko Udala, auzoko sustatzaileak eta Nondik arkitektura estudioarekin. Horretaz gain, elkarrizketatuek eskainitako dokumentazioa, webgune ezberdinak eta berriak erabili dira, proiektuaren faseen eta gaur egun mahai gainean dauden proposamenen inguruko analisia egiteko.
Analisian zehar azaltzen den moduan, Alde Zaharreko egitasmoak arrakastak eta zailtasunak izan ditu. Arrakasten artean, auzoan lortutako parte-hartzea, Udal aurrekontuetan sartu izana edo espazio publikoaren inguruan emandako hausnarketa azpimarratu daitezke. Zailtasunen dagokienez, Udala eta auzoko taldearen artean izandako desadostasunak aipatu behar dira. Izan ere, Udalaren azken proiektua hasierako “Haurren Auzoaren” proposamenetik urrun geratzen da. Ondorioetan azaltzen den moduan, Gasteizko egitasmoak bat egiten du Tonucciren helburuekin eta alderdi batzuk betearaztea lortzen du. Baina Alde Zaharreko muinoa benetan haurren autonomia eta ezberdinen arteko elkartzea sustatzen duen espazio bihurtzeko, aurrerapausoak oraindik emateke daude. | es_ES |