Ermuko Andra Mariko kultura materiala: oinetakoek kontatzen dutena.
Date
2020-11-18Author
Abaunza Sánchez, Antón
Metadata
Show full item recordAbstract
2015. eta 2020. urteen bitartean, Ermuko Andra Mariko Santutegian indusketa
arkeologikoak aurrera eraman dira eta horiei esker, eraikitako multzo monumentalaren
inguruko ezagutzan asko sakontzea eta hedatzea lortu izan da. Elizako nekropoliaren
indusketan, material ezberdin ugari aurkitu dira eta lan honen ikergaia, bertan aurkitu egin
den oinetakoen bilduma da. Ikerketa honetan, beraz, zazpi hilobitan aurkitutako zazpi
indibiduoen oinetakoak aztertzen dira.
Kultura materialaren arrasto hauek, Andra Mariko hirugarren elizaren nekropolian
aurkitu dira. Zehazki, oinetakoak nekropoli horretako bigarren eta laugarren ehorzketa
faseetan erregistratu egin dira, XVI. eta XVIII. mendeen arteko kronologia ezarrita duten
ehorzketetan. Oinetakoen bilduma hau, txikia izan arren oso esanguratsua da, nagusiki bi
mota ezberdinetako oinetakoak ikusten direlako, narruzkoak eta kortxozkoak. Ezberdintasun
argi hauek, materialak ikertzera eta ondorengo galdera planteatzera eraman naute:
Oinetakoetan ikusten diren ezberdintasunak gizartean ere ikusi daiteke?
Lan honen helburu nagusia, material hauen ikerketa arkeologikoak eman dezakeen
informazioa aztertzea da, oinetako hauen deskribapena eta interpretazioa egiteko. Izan ere,
garapen handiak egon dira oinetakoen lehenengo ikerketa sistematikoak eta interpretatiboak
egiten hasi zirenetik, eta azken hamarkadan, ikuspuntu berriekin egin diren ikerketak
plazaratu egin dira. Kasu honetan, materialekin eta hilobien erregistro fitxekin egin dudan
ikerketa lanean oinarritutako informazioa eta deskribapen objektiboak ematen dira. Horretaz
aparte, ikuspuntu kritikoarekin egindako interpretazioak ere proposatzen dira. Horrela,
materialek eman dezaketen informaziotik abiatuz, gizartea ikertzeko ematen duten
informazioaren aukerak baloratuko dira.
Interpretazio aproposak egiteko, materialak testuinguru arkeologikoetan aztertzen
diren bezala, oinetakoak ere ehorzketen testuinguruan ikertu behar dira. Hau da, oinetakoak
eta gizakiak erlazionatu egin behar dira bi gauzak batera ikertuz. Izan ere janzkerak, pertsona
baten ezaugarrien inguruko informazioa eman dezake eta era berean, indibiduoak bere
oinetakoek izan dezaketen esanguraren berri ematen dute ere. Planteamendu honekin,
ikerketa honetan indibiduoak eta gizakiak aztertu egiten dira izan dezaketen erlazioa
interpretatzeko.
Lan honen bukaeran, oinetakoek gizarte ezberdintasunak aztertzeko ematen duten
informazioa interpretatu egiten da, errepresentatzen duten gizartea ezagutzeko tresna bezala
baliatuz. Hau da, oinetakoetan ikusten diren forma, ekoizpen eta kalitatearen ezaugarriak,
gizarte maila ezberdinekin erlazionatzen dira. Modu horretan, nekropoli horretan lurperatuta
zegoen jendearen identitatea eta maila soziala ikertu dira. Orotara, oinetakoak kontuan izanik
bi talde nagusi desberdintzen dira, kalitate handiko oinetakodunak eta kalitate baxuagoko
oinetakoak zeramatenak. Era berean, oinetakoetaz baliatuz, Aro Modernoko gizarte
ezberdintasunak ikertzen dira errealitate historiko honen ezagutzan aurrepausuak emanez.