dc.description.abstract | Linda Whitek dioen moduan, euskal literatura eremu maskulinotzat hartu izan da luzaroan. Hala izateagatik, euskal literaturako emakume idazleak periferian kokatu izan dira beti. Are presentzia marjinalagoa izan dute, ordea, historian zehar egondako euskal emakume itzultzaileek. Azken horiek euskal literaturan izandako lekuari buruzko lanik ez denez oraindik plazaratu, euskal emakume itzultzaile aitzindarien zerrenda bat osatzeko asmoa izan dugu Gradu Amaierako Lan honetan. Halere, guztiak aztertzea ezinezkoa izan zaigunez, XIX. mende hasierako lehen euskal andrazko itzultzailearen lanetik, 1970eko hamarkadara bitarte literatura euskaratutako emakumeak izan ditugu aztergai.
Gure helburua lortzeko bidea ez denez samurra izan, zenbait iturritara jo behar izan dugu: gaiari buruzko aditu batzuk argitaratutako lanetara, garaiko aldizkarietara, EIZIEren argitalpenetara eta azken urteetan sortutako datu-baseetara: Armiarmaren Literaturaren Zubitegia, Literatur Aldizkarien Gordailua, Euskarari ekarriak eta EIZIEren Nor da Nor izan ditugu bilaketako ardatz, eta ikerlaneko makulu.
Horrela, han-hemenka jasotako izenak bildu, eta aztertutako garaian itzultzen jardundako sei emakumeren izenak batu ditugu. Honako zerrenda honetan laburbil ditzakegu, beraz, euskal emakume itzultzaile aitzindarien gure genealogia proposameneko protagonistak: Bizenta Antonia Mogel, Julene Azpeitia, Tene Mujika, Maria Dolores Agirre, Miren Etxabe eta Maritxu Urreta. Haien datu biografikoak emango ditugu lehenik, literatur ibilbideari helduko diogu gero, eta itzulpenen inguruan mintzatuko gara azkenik.
Bukatzeko, azkeneko atalean, itzultzaile guztiak lotzen dituzten ondorio orokorrak ateratzen saiatuko gara. Horretarako, euskaratzaileen profila zehaztuko dugu batetik, eta uste baino antzekotasun gehiago dituztela ohartu; itzulpenenen inguruko azterketa laburra egingo dugu bestetik: generoa, jatorrizko hizkuntza eta argitalpen lekua nahiz garaia zehaztuko ditugu.
Gradu Amaierako Lan honek, beraz, ikuspegi teorikotik 1970eko hamarkadara arte egon diren euskal emakume itzultzaile aitzindariak aztertzea eta ikusaraztea du xede. Baina, era berean, hausnarketarako parada ere eskaintzen digu, topatu ahal izan dugun emakumezko itzultzaileen kopuru urriak ez daukalako garai bereko gizonezko itzultzaileen kopuruarekin zerikusirik. Hortaz, lan honekin begi bistan geratzen da berriro, beste hainbat ofiziotan bezala, literatur itzulpenean ere gizonezkoak izan direla gehiengo nabarmena. | es_ES |