XIX. mendean sortutako biluzi femeninoaren irudi berria
View/ Open
Date
2020-11-24Author
Arroyo Horcajada, Estíbaliz
Metadata
Show full item recordAbstract
XIX. mendeko biluzi femeninoa ulertzeko ezinbestekoa da historian zehar egondako errepresentazioak ezagutzea, izan ere, mende honetan emandako aldaketak iraganeko irudiekiko egin ziren. Tradizio klasikoaren kanon idealak biluzi tradizionalaren bilakaeran eragin handia izan zuen eta irudi femeninoaren ideal hori akademiek bereganatu zuten, emakume lotsati, hauskor, puru eta gozo bat irudikatuz eta proportzio arautu batzuk jarraituz. Biluzi mota hau egiteko gai mitologiko, erlijioso edo historiko bati lotua egon behar zen akademiek onartu ahal izateko. Hala ere, XIX. mendeko artista modernoek aurretik eta garai horretan egondako biluzi tradizionalarekin apurtu nahi izan zuten biluzi berri bat sortzeko helburuarekin.
Beraz, tradizionalki egondako biluzi arautua jarraituko zuen, baina, artista modernoek sortutako biluzi berri batekin elkar bizi beharko zuen. Biluzi berri hau egoera soziokulturalean egondako aldaketengatik sortu zen eta akademiek kondenatu edo baztertu egin zuten, haien biluzi ideal horrekiko apurketa bat suposatzen baitzuen. Hau artelanetan nabaritu izan zen eta artistek Venusak egitetik emakume arruntak egitera pasa ziren; Evak prostitutak bihurtu zituzten eta emakume menderatuak eta lotsatiak bere buruaren jabe ziren emakume ziurrak izatera pasatu ziren. Beraz, artista modernoek biluziak egiteko erabiltzen zituzten gai tradizionalak alde batera utzi zituzten eta garaiko emakumeak inongoko lotsarik gabe errepresentatzen saiatu ziren.
Akademietan ere gai orientalistaren agerpenarekin berrikuntzak eman ziren eta akademikoek onartu egin zituzten; XIX. mendean sortutako gai historiko bat zen eta horrek, azken finean, biluzia justifikatzen zuen. Mende honetan emandako berrikuntzen artean, artista modernoen eskutik prostituzioaren gaiak indar handia hartu zuen, nahiz eta garaiko burgesentzat eta artista tradizionalentzat baztertu beharreko eta eskandalu handia suposatu zuen gai bat izan. Eskandalua idealizazio faltagatik, gaien justifikazio faltagatik eta aukeratutako garaiko emakume errealen indibidualizazioagatik eman zen.
Artelanetako irudi femenino tradizional lotsatiak, idealizatuak eta buru makurrak, indibidualizatuak, idealizatu gabe eta ikuslea aurrez aurre begiratzen zeuden emakume lotsagabeak izatera pasa ziren. Beraz, garai honetan ikusleak paper garrantzitsu bat hartu zuen eta, horren ondorioz, artistek ikusleei edo voyeurei zuzendutako artelanak egin zituzten.