Ipuinen azterketa, gomendioa eta lanketa genero ikuspegitik
Abstract
Jarraian datozen orrialdeetan “generoa haur hezkuntzan” gaian oinarritutako Haur
Hezkuntzako Gradu Amaierako Lana dago irakurgai.
Azken urteetan eskoletan berdintasunaren eta hezkidetzaren lanketak garrantzi handia hartu
duen gaia izan da, gizarteko ikuspuntua eraldatzeko modu eraginkorra izan daitekeelako
umeekin gai hau jorratzea. Sexismoa kalean ikusten dute haurrek, baita telebistan, marrazki
bizidunetan eta, nola ez, ipuinetan ere, gizartea sexista izan delako eta, eraldaketa prozesu
batean gauden arren, oraindik ere horrelaxe delako. Orain ikuspegi hori aldatzeko ekintza
ugari daude martxan eta bide horri segituz burutu da lan hau. Zehazki haur ipuinetara
bideratu da, gaiaren inguruan gehiago jakin eta Haur Hezkuntzako irakasle izaten
naizenerako prestatuago egoteko.
Lan honetan hezkidetzaren alde egiteko, Gabiriako herri liburutegiko ipuinak aztertu dira,
ipuin hezkidetzaileen eta sexisten inguruko informazioa bilduz bibliografia sortu da eta
informazio hau guztia izanik haurrentzako hogei ipuin hezkidetzaile erosi dira, liburutegian
genero berdintasunaren alde egiteko. Ondoren ipuin horien aurkezpenerako eta lanketarako
umeentzako saio bereziak antolatu dira beraiekin genero berdintasunaren gaia lantzeko
liburutegian bertan. Lan honetan zehatz-mehatz azalduko da prozesu guztia, bizitako
sentipen, emozio eta gertaeren kontaketekin batera. Amaieran guztia borobiltzeko
emaitzetan eta ondorioetan sakonki azaldu da prozesuan zehar gertatutako guztia, lanari
amaiera emateko.