Ezpain eta ahosabaiko arraildura bilateral osoa duen jaioberriaren erizaintza-zainketak elikadura arloan
Fecha
2021-10-05Autor
Saldaña de Pablo, María
Metadatos
Mostrar el registro completo del ítemResumen
Ezpain eta ahosabaiko arraildurak (EAAk) aurpegiko zein inguruko egituretan
eragiten duten sortzetiko akats ohikoenetarikoak dira, eta horien artean larriena eta
tratamendu aldetik konplexuena EAA bilateral osoa (EAABO) da. Erizaintzaren ardura
izango da malformazio honekin jaio berri den haurtxoaren elikadura eta nutrizioa
bermatzea, eta gurasoen parte-hartzea sustatzea osasun-hezkuntza egoki baten bitartez.
Helburuak: lan honen helburu nagusiak EAABOk jaioberriari elikatzeko garaian
eragiten dizkion konplikazio nagusiak azaltzea eta haurtxoari zuzendutako erizaintza-zainketak zein gurasoei eman beharreko osasun-heziketa zehaztea da.
Metodologia: errebisio bibliografikoa burutu da PIO egituratik abiatuz. Horretarako
datu-base hauek erabili dira: Pubmed, Biblioteca Virtual en Salud eta Cuiden. Horrez
gain, web-orrialde hauek ere kontsultatu dira: European Cleft Organisation, Asociación
de familiares y afectad@s de labio leporino y fisura palatal de Navarra eta Asociación
de familias que tienen niños con fisuras labiales y/o palatinas. Guztira, 43 lan erabili dira.
Emaitzak: EAABOren ondorioz, edoskitzeko beharrezkoak diren xurgatze-eta irenste-mekanismoak asaldatzen dira, jaioberriaren hazkuntza eta garapena arriskuan jarriz.
Konplikazioei aurre egin eta elikadura-metodo egokiena hautatzeko, balorazio nutrizional
osoa burutu ondoren, erizainak prozesu osoan zehar haurraren erantzunak monitorizatu,
elikatze-teknika eta esku-hartzeak burutu, gurasoak informatu eta euskarri gisa jokatu
beharko du. Honen inguruan kontsentsu bat ez egon arren, hainbat ikerketek baieztatu
dute metodo ezberdinen eragina, jaioberrien bizi-kalitatea hobetze aldera.
Eztabaida: autore gehienek interbentzio berdintsuak proposatzen dituzten arren,
protokolo bateratu baten hutsuneak autoreen arteko desadostasunak eragin ditu elikadura-metodo egokiena hautatzerako garaian.
Ondorioak: EAABOak eragindako konplikazioek jaioberriaren zein gurasoen bizi-kalitatea kaltetzen dute. Erizaina ezinbesteko pilare bilakatzen da adaptazio prozesu
osoan zehar, oraindik protokolo bateratu baten existentziarik ez egon arren. Baina,
artikuluek aipatutako teknika eta esku-hartzeek dituzten onurak ikusita familia hauen
bizi-kalitatea hobetze aldera, garatu beharreko zerbait dela ondorioztatu da.
Hitz gakoak: ezpain eta ahosabaiko arraildura, jaioberria, gurasoak, elikadura,
erizaintza-zainketak.