Ondesteko minbiziaren tratamendu kirurgikoaren analisi eta balorazioa 2014. eta 2015. urteetan: Da Vinci eta laparoskopia arteko konparaketa. Ikerketa erretrospektiboa
View/ Open
Date
2021-11-19Author
Garcia Ugaldebere, Jara Amaiur
Metadata
Show full item recordAbstract
[EUS] Ondesteko minbiziaren tratamendu kirurgikoan, kirurgia robotikoaren garrantzia handitzen ari da azken urteotan. Teknika robotikoak, teknologia aurreratuagoa izateagatik, laparoskopiak baino emaitza kliniko hobeak izan behar dituela aurreikusten da. Robotak pelbis eremu estua duten pazienteetan eta kokapen baxuko ondesteko minbizietan ikuspegi egokiagoa eta disekzio zehatzagoa baimentzen ditu. Hala ere, gaiaren inguruan dagoen literatura zientifikoa sakonki aztertu ondoren, oraindik ez da frogatu ondesteko minbizian laparoskopia bidezko teknika kirurgikoarekiko duen nagusitasuna. Ikerketa erretrospektibo honetan epe laburreko emaitza kliniko eta onkologikoak aztertuaz ondesteko minbiziaren kirurgian Da Vinci bidezko teknika robotikoa eta kirurgia laparoskopikoa alderatzen dira.
MATERIALAK ETA METODOAK
Lan honek 2014. eta 2015. urteetan Basurtuko Ospitale Unibertsitatean ondesteko minbiziaren ebakuntza burutu zitzaien 116 paziente barne biltzen ditu. Hauetatik 61 Da Vinci teknika robotiko bidez operatuak izan ziren eta 55 laparoskopia bidez. Teknika bataren ala bestearen aukeraketa egiteko orduan, ez zen erabili irizpide espezifikorik. Lehenik eta behin, ondesteko minbiziaren tratamendu kirurgikoaren literaturaren azterketa sakona egin da; batez ere laparoskopia eta Da Vinci robotaren emaitzak alderatzen dituzten argitalpen zientifikoena. Horrez gain, bi tekniken konparaketa estatistikoaren analisia burutzeko, pazienteen ezaugarriak, ebakuntza bitarteko emaitza klinikoak, epe laburreko konplikazioak eta emaitza onkologiko edo histopatologikoak alderatu dira bi taldeen artean.
EMAITZAK
Bi taldeen arteko pazienteen ezaugarri klinikoen ezberdintasunak ez ziren estatistikoki esanguratsuak izan, adina izan ezik, non laparoskopia taldekoak gazteagoak ziren (71.13 ± 10.83 urte vs. 65.29 ± 11.60 urte, P = 0.006). Talde robotikoan paziente gehiagok jasan zuten aurre-behe erresekzioa eta anastomosia talde laparoskopikoan baino. Birmoldaketa tasa %0.0-koa izan zen robotarekin eta %3.6-koa laparoskopiarekin (P = 0.223). Ebakuntza denbora 331.90 ± 76.69 minutukoa izan zen Da Vinci taldean eta 326.38 ± 80.77 minutukoa laparoskopia taldean (P = 0.707). Anastomosiaren dehiszentzia %6.6-koa izan zen Da Vinci taldean (n = 4) eta %3.6-koa laparoskopia taldean (n = 2). Konplikazio medikoak gehiago eman ziren laparoskopia taldean, estatistikoki modu esanguratsuan (P = 0.028). Emaitza onkologikoen kalitatea egokia izan zen bi taldeetan, ezberdintasun esanguratsurik gabe.
ONDORIOAK
Ikerketa honek ondesteko minbiziaren kirurgia robot bidez modu
egingarri eta seguruan burutu daitekela frogatu du. Emaitzek ondesteko
minbiziaren kirurgian bi teknika hauen artean ezberdintasun esanguratsurik ez dagoela adierazten dute. Hala ere, aipagarria da, birmoldaketa eta konplikazio mediko kopuru baxuagoak lortu direla robotarekin operatuak izan diren pazienteetan, nahiz eta talde honen batez-besteko adina laparoskopia taldearekin alderatuz altuagoa izan. Halaber, literatura zientifikoan argitaratu denaren kontrara, bi ebakuntza tekniken artean ez da ezberdintasun esanguratsurik lortu ebakuntza denborari dagokionean. Anastomosiaren dehiszentzia kopurua baxua izan da bi taldeetan. Basurtuko Unibertsitate Ospitalean lortutako emaitza hauek, modu orokorrean, argitalpen zientifiko garrantzitsuenetan aurkitutakoekin bat datoz.