Gaur egungo giza-biomonitorizazioa Euskal Autonomia Erkidegoan
Laburpena
[EUS] Giza-Biomonitorizazioa gizakiok toxiko ezberdinekiko izandako esposizioa aztertzeko balioa duen tresna da, horretarako matrize-biologiko ezberdinetan sustantzia hauek neurtzen direlarik. Ikerketa-mota honi esker, konposatu kimiko ezberdinen gorputzeko-mailak ezagutu daitezke, honela erreferentzia-datuak sortuz eta gorputzeko maila seguruak zeintzuk diren ezarriz. Gainera, arrisku-taldeak identifikatu eta osasun publikoan eragin zuzena duten erabaki politikoak baldintzatu ditzake Biomonitorizazioak, gizartearen osasuna hobetzeko aukera eskainiz.
Lan honetan, Giza-Biomonitorizazio ikerketa baten metodologia zein den aztertu da, bereziki partaideetan, erabilitako matrize-biologiko ezberdinetan eta aztergai diren kutsatzaile garrantzitsuenetan zentratuz. Gainera, munduko (Estatu Batuak eta Kanada), Europako (Alemania) eta Espainiar Estatuko programa nagusiak ikertu dira, gaur egun abian dauden ikerketa garrantzitsuenen ezaugarri nagusiak aztertuz.
Bestalde, lan honetan ikerketa bat burutu da INMA proiektuko lagina erabiliz, Gipuzkoako emakume haurdun eta umeetan metal eta konposatu organiko ezberdinak aztertu direlarik. Azterketa honekin Giza-Biomonitorizazio programa batek eremu konkretu bati ekar dakizkiokeen onura guztiak azaleratzen saiatu gara. Izan ere, lan honetako bezalako ikerketa batek konklusio garrantzitsuetara bidera gaitzake. Lan honetan argi geratu da, Biomonitorizazio-programak bultzatzearen beharra zein handia den, izan ere, hauei esker toxiko ezberdinen mailak eta dosi seguruak ezagutzearekin batera, osasun publikoan eragiten duten erabaki politikoak hartzera bultzatzen da, toxiko hauekiko esposizioa ahalik eta gehien kontrolatuz, hau da, arriskuak minimizatuz eta beraz, guztion osasuna hobetuz.